Ez da erraza zalea gustura edukitzea, beti izaten da aitzakiaren bat kopeta zimurtzeko. Norberaren gustuko ziklista ez gailentzea nahikoa izaten da, batzuetan, kexuren bat argudiatzeko. Beste batzuetan erasoen urriak, liderraren ahuleziak, kontrarioen nagitasunak, ibilbidearen gozoak, mendatearen errazak edo zailak, erlojupekoaren luzeak edo motzak, eguraldiaren petralak, beroaren zamak, estrategiaren okerrakÉ
Hamaika arrazoi jaurtitzen dira probarik onenari ere orbainen bat eransteko. Jakirik onenari ere muzin egiten zaio aldian-aldian, batzuetan erabat aseta gaudelako, jale mixkinak garelako bestetan.
Askotan esan izan da txirrindulari bakar baten ikuskizuna ez dela gustagarria, monopolioak nagusia bakarrik aberasten baitu. Azken urteetako Tourrean (aurtengoan ez) liderrari erasoko zion ziklisten premia nabarmena izan zen, Indurainen zein Armstrongen entrenamenduak aspergarri samarrak izan baitziren batzuetan.
Garai bateko ziklismoaren aldarriak egiten genituen orduan, non txakalaldiak, erasoak eta ustekabekoak maiz gertatzen baitziren. Horretan da aberatsa Vuelta irailera pasatu zutenetik, ustekabekoetan (erasoetan ez hainbeste), baina hala ere ez gaude gustura, ni ez behintzat.
Zerbait falta zaiola iruditzen zait, distirarik gabeko lasterketa dela esango nuke. Izan ere, gorabeherak izan baditu egun batetik bestera, eta etapa berareren egoera ere bat-batean iraultzen da, baina inoren bertuterik ez da ikusten, akatsak nagusitzen dira edonondik, ahuleziek eragindako hutsegiteak dira. Ez dago ez liderrik, ez liderren arteko lehiarik.
Erlojupeko espezialistek erlojupekoan huts egiten dute, eskalatzaileek, aldiz, mendian, baina inork ez du inon iaiotasun berezirik erakusten. Batzuen hutsegiteek egiten dituzte besteak on.
Txirrindularitza antolatuta dagoen bezala egonik, eta ziklistek dituzten lehentasunak aintzat harturik, iraila ez da hiru asteko itzuli bat lehiatzeko garaia.
ZIZTU BIZIAN. ESPAINIAKO VUELTA
Distirarik gabeko ziklismoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu