Tenisa

Djokovic US Openetik kaleratu dute epaile bati pilotakada bat emateagatik

Serbiarra final-zortzirenak jokatzen ari zen. Lehen setean sei eta bost galtzen zihoala, pilota zelaiaren atzealdera bota eta lepoan jo du epaileetako bat.

Djokovic epaileari laguntzen, hura lurrean zegoenean. JASON SZENES / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko irailaren 7a
11:18
Entzun

Bere hemezortzigarren Grand Slam txapelketa irabazteko aukera galdu du Novak Djokovicek, ATP sailkapeneko liderrak. Pablo Carreño espainiarraren aurka jokatzen ari zen bart gauean, Estatu Batuetako Irekiko (US Open) final-zortzirenetan, eta, bere jokoarekin haserre, epaile bat jo zuen pilotarekin. Lehen seta sei eta bost galtzen ari zen, eta tanto batzuk lehenago ere bota zuen pilota bat paretara.

Ezin da jakin ea nahita edo nahigabe egin zuen, baina begi bistakoa da pilotaren noranzkoari begira zegoela Djokovic, eta bazekiela nora jaurtitzen ari zen. Beraz, minutu batzuk eztabaidatzen igaro ostean, epaileak ondorio horretara heldu ziren, eta serbiarra txapelketatik kaleratzeko erabakia hartu zuten. Djokovicek New Yorketik (AEB) alde egin beharko du sailkapenerako punturik gabe eta diru saririk gabe, eta badirudi zigor ekonomiko handi samarra jaso dezakeela.

Pilotakadaren ostean saiatu zen epaileari azalpenak ematen, baina prentsarekin ez zuen hitz egin nahi izan ATP sailkapeneko liderrak. Epaileen erabakia jakin bezain laster egin zuen alde. Sare sozialetan, berriz, egoerak «triste eta hutsik» utzi duela azaldu du tenis jokalariak.

Aurrekariak

Carreñok Denis Shapovalov kanadarraren aurka jokatuko du final-laurdenetan. Shapovalov bera da antzeko aurrekari bat duten tenis jokalari gutxietako bat: 2017an, Kanadarekin Davis Kopa jokatzen ari zela, eserita zegoen epaile bati pilotakada bat jo zion begian, eta galdutzat eman zioten norgehiagoka. Grand Slam batean, ordea, ez zuten inor kaleratu azken hogei urteetan. Orduan, 2000. urteko Roland Garrosean, Stefan Koubek austriarrak pilota biltzaile bat jo zuen pilotarekin, bigarren kanporaketan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.