Urte hasieran Rafa Nadalen kontra Australiako Irekian galdu eta gero, Roger Federerrenak egin zuela esan zuten askok. Baina bai zera. Porrot hark suitzarra, inoizko jokalaririk onena, suspertu egin zuen. Ekainean Roland Garros irabazi zuen aurreneko aldiz, eta hurrengo hilabetean Wimbledonen garaile. Grand Slameko torneo gehien irabazi duen tenislaria bihurtu zen, Pete Sampras gaindituta. Hamabost dauzka jada suitzarrak. Atzo, AEBetako Irekiko final-laurdenetan Robin Soderling suediarra 6-0, 6-3, 6-7 eta 7-6 gaindituta, Grand Slameko torneo bateko finalerdiak 22. aldiz segidan jokatu dituen aurrenekoa da Federer, 28 urtekoa. Beraz, markak hausten jarraitzen du, iragan urtarrilean -orain zortzi hilabete- onenak emanda zegoela esan zuten arren.
Novak Djokovic izango da haren aurkaria bihar, finalaren atarian. Serbiarrak berea sufritu zuen Fernando Verdasco espainiarra kanporatzeko (7-6, 1-6, 7-5 eta 6-2). Partidaren ondoren «lasaitua» hartu zuela adierazi zuen Djokovicek. «Niretzat oso garrantzitsua zen partida». Izan ere, Djokovic ohi baino ahulago dabil aurten. Ez Australian, ez Roland Garrosen, ezta Wimbledonen ere ez zen sailkatu finalerdiak jokatzeko. Federerrek, aldiz, 22 daramatza segidan. Gainera, azkeneko bost AEBetako Irekiak irabazi ditu.
Robin Soderlingek, Nadalen Roland Garroseko borreroak, uste baino lan gehiago eman zizkion; batik bat, azkeneko bi setetan. Gizonezkoen bigarren finalerdia, berriz, Juan Martin del Potro-Marin Cilic eta Fernando Gonzalez-Rafa Nadal kanporaketetatik aterako da. Finala Euskal Herrian asteleheneko aurreneko orduak direnean jokatuko da.
Williams-Clijsters gaur
Emakumezkoen lehiako finalerdiak gaur jokatuko dira. Batetik, Serena Williams-Kim Clijsters ariko dira elkarren kontra, eta, bestetik, Jasmina Wickmayer eta Caroline Woznicki. Ikusmin handiena aurrenekoak piztu du. Izan ere, Williams ahizpetan gazteena irabazteko faboritoa da, baina Clijsters torneo bikaina egiten ari da, bi urte lehiatik kanpo eman ondoren. Beste finalerdian Wozniacki zortzigarren hautagaiak aukera gehiago dauzka, batik bat Wickmayer tenislari ezezaguna delako.
Djokovicen kontra ariko da Federer finalaren atarian
Suitzarra 22. aldiz segidan sailkatu da Grand Slam bateko finalerdiak jokatzeko, AEBetako Irekian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu