Ez du palak luzimendurako aukera askorik ematen. Indarrean oinarritu ohi da gehiago abilezian eta ikusgarritasunean baino. Hori dio arauak, baina badira arauz kanpora aritzeko adina dohain eta ausardia dutenak. Esteban Gaubeka da horietako bat. Ongi jarri eta jotakoan oinarritzen du hark bere jokoa, jo eta txikitu behar horretan baino. Goxo, baina zital. Atzoko finala horren erakusgarri. Sakea tokirik zailenean jarrita apurtu zuen Luis Ziskar, eta ez zion inolako aukerarik eman. Zortzi tanto egin zituen horrela eta beste zortzi kontrarioari pilota buruz gain jarrita. Dohain erakustaldia izan zen harena. Baditu jada lau txapel.
Merezi du Ziskarren txapelketak aipamena, 37 urterekin sartu delako berriro finalean eta Fusto eta Lujan utzi dituelako bidean. Atzo, ordea, ez zuen batere aukerarik izan. Berea da sakatzaile fama, baina izan zituen aukera apurretan ez zuen asmatu, eta Gaubekak asmatu zuen errestoan besteetan. Hasiberritan izan zuen aukeraren bat (8-8), baina zulo handia egin zuen kontrarioak hortik aurrera, eta ezinean aritzea tokatu zitzaion gero. Ezkerra bilatu zion uneoro Gaubekak, ez zion sekulako erritmorik hartzen utzi, eta oso atzera gelditu zen jokoan zein markagailuan.
Iazko finala aldrebesa irten zitzaion Gaubekari, eta bazuen arantza hori sartuta. Ederki atera zuen. Saiatutako guztia atera zitzaion ongi. «Amestutako finala» izan zela zioen berak amaieran. Gozatu ederra hartu zuten berak eta Armintzako bere zaleek.
Ziskar II.a 18
Gaubeka 35
Iraupena. Partidarena: 46 minutu. Jokoarena: 10 minutu.
Pilotakadak. 169.
Saketik. Ziskarrek lau eta hiru falta. Gaubekak zortzi eta faltarik ez.
Markagailua. 1-0, 1-1, 2-7, 7-8, 8-8, 8-13, 9-13, 9-19, 10-19, 11-19, 11-22, 12-22, 13-23, 13-29, 14-29, 14-30, 14-31, 15-31, 16-32, 16-34, 17-34, 18-34 eta 18-35.
Bestelakoak. Sarrera bikaina Bilboko Deportivo frontoian.
Dohain erakustaldia
Gaubekak bikain asmatu du sakearekin; ez dio aukerarik eman Ziskarri, eta laugarren txapela jantzi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu