Jainkoak, edo ahal duenak, lagun diezaiela! Txirrindulariek infernurako bisita egingo dute hurrengo lau egunetan, Dolomita mendikate ikusgarrian, eta han laguntza oro txikia izango da. Txirrindularien lepoan jarrita, ibilbideko antolatzaileek tamainako zigorra zergatik jarri duten asmatzea ez da erraza.
Nondik hasi, zailtasuna nola nabarmendu, azaldu, zaila egiten da, grafikoei erreparatuta. Jarraian mendiko lau etapa igotzea da gogorrena? Akaso gaurkoa, lehen-lehena delako? Asteburuko biak 220 kilometro dituztelako? Igandekoa Stelvio daukalako eta Stelviok bere kabuz, bere handitasunean, karrerista indartsuena txiki dezakeelako?Stelviorekin hastea derrigorrezkoa da. Alpe guztietako gain mitikoenetakoa delako, garaienetakoa, ederrenetakoa. Frantziako Iseran (2.772 m.) eta Bonette-Restefonds (2.802 m.) bakarrik dira garaiagoak, baina ez dute Stelviok urtetan pilatu duen urrezko historiaren arrastorik. Stelviok berak, bere handian, ez du beste mendate batzuen gogortasunik, pendiz tenterik, baina izena, sonari dagokionez, ez dago zalantzarik.Txirrindularien artean ere sekulako miresmena sortzen du Stelviok (Stilfserjoch alemanieraz). Berria Marino Lejarretarekin, egun Liberty taldeko kirol zuzendariarekin mintzatu da, gai horren inguruan. Berrizko txirrindulari ohiak ez zuen Stelvio igo eta penatuta dago horregatik: «Gogoan dut bi urtetan ibilbidean jarri zutela, 1984an eta 1988an edo, eta bietan igo gabe geratu ginen, elurragatik. Nik ilusio handia nuen, italiarrentzat Jainkoaren parekoa delako Stelvio. Ezin denean, ezin da. Ea igandean, autotik baldin bada ere, gozatzeko aukera dugun».Stelvio 25 kilometro da luze. 75 minutuko ahalegina, bete-betean, profesional batentzat. Batez bestekoa %7,5ekoa da eta karreristen zorionerako, pendiz pikoena %12koa da, bakarrik. 210 kilometro ditu igandeko etapak eta Stelvioz gain beste bi mendate ditu: Frassineto-Verschneid (10,2 km %8,2ra) eta Foscagno helmugatik (15 km, %6,4) 14 kilometrora.
Larunbatekoa, egun presta daitekeen ibilbide zailena
Igandekoa baino, larunbatekoa da Giroko etapa gogorrena, zalantzarik gabe. Girokoa eta ziurrenik, egun, txirrindularitza modernoan presta daitekeen gogorrena. 13 kilometro egingo dituzte 2.000 metrotik gora, zigor handia kirolarientzat. 218 kilometro da luze. Costalunga mendatea gutxietsi egin du antolakuntzak, haien ondoren igoko dituztenak gogoan, baina gogorra eta luzea da. Ondoren dituenak, ordea, garaiagoak eta tenteagoak dira. Horixe, menditzarrez inguratuta dagoen Costalunga apalaren patua.
Passo Sella 11 kilometro da luze (%7,2ko pendiza). Gardena alde etzanenetik igoko dute gero, 2.000 metrotik gora beti, lauzpabost kilometroan. Hura jaitsita Giro honetako mendate gaiztoenetakoaren atarian egongo da tropela: Passo delle Erbe. Bost kilometro oso ditu %10etik gorako desnibelarekin. Igoerako beste 10 kilometroak etzanxeagoak dira, baina batez bestekoa ez da asko jaisten: %8,7. Ortiseiko bukaera autobidea da, ia-ia. %6ko desnibela, 15 kilometroan. Sineskaitza antolatzaileengan tamainako oparia.Gaurko etapa geratzen da, aztertzeko. Cereda eta Zoldo Alto Sammommeren antzekoak dira, apur bat luzeagoak. Passo Duran, aldiz, mendi astuna, bukaezina.Liquigas eta, batez ere, Lampre taldeen jokamoldeak finkatuko du Dolomitetako etapen bilakaera. Asko-asko eraso gabe, berez egingo da selekzioa, agian.
TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA
Dolomitak: infernurako gonbita
Azkenaldiko ibilbide zailena gainditu beharko du tropelak lau egunean munduko aldapa gaiztoenetan; 35 kilometro 2.000 metrotik gora egingo dira; Sella, Erbe eta Stelvio mitikoak igoko dira; Lamprekoak egurra emateko gertu daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu