Donostia Hiriko bigarren finalerdia gaur

Irujo eta Zubieta izango dira faborito, baina Bengoetxea VI.a eta Beroiz ezustekoa ematen saiatuko dira

jon eskudero
Donostia
2011ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Donostia Hiria Torneoko bigarren finalerdia gaur jokatuko da, Atano III.ean (17:15, Nitro). Irujo eta Zubieta Bengoetxea VI.aren eta Beroizen kontra ariko dira, eta ikusmin handia piztu du norgehiagokak. Aspekoek oso bikote indartsua osatzen dute, teorian enpresako aurrelaririk onena atzelaririk sendoenarekin ariko baita. Asegarcekoak, baina, sasoi onean daude aspaldian, eta faborito ez izan arren, ustekabekoa ematen ahaleginduko dira.

Lau pilotarien artean, Bengoetxea VI.a da bakarra Donostian irabaztea zer den dakiena. Birritan lortu du titulua leitzarrak, eta bietan, Barriola herrikidearekin. Lehen aldiz 2007. urtean igo zen podiumaren gorenera, Titin III.ari eta Eulateri 22-11 irabazita. Iaz, berriz, Xala eta Apraizi irabazi zieten, 22-11. Neurketa 14-11 zegoela min hartu zuen Lekuinekoak, eta aldageletara erretiratu behar izan zuen. Guztira bost aldiz hartu du parte Donostiako Torneoan Bengoetxea VI.ak, eta lau final jokatu ditu.

Irujok, Zubietak eta Beroizek, berriz, ez dakite oraindik zer den hori. Iberokoak hiru aldiz jokatu du, eta behin ere ez du lortu final handia jokatzea. Atano III.a pilotaleku egokia da beretzat, lur bizikoa eta errematerako aproposa baita, baina Iberokoak ez dio neurria behar bezala hartu. Zubietak birritan jokatu du, eta bietan nahi baino lehenago geratu da txapelketatik at. Beroizek, azkenik, aurten jokatuko du estreinakoz.

Aurtengo udari dagokionez, Irujo dago gailurrean, bi torneo bereganatu baititu: San Ferminetakoa eta Zarauzkoa. Bengoetxea VI.arentzat, berriz, Gasteizkoa izan zen. Beraz, oraingoz sasoi onenean dauden bi aurrelariak ariko dira aurrez aurre. Bikote bakoitzak bere pilotarekin egingo dio min aurkariari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.