Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak harrera ofiziala egingo dio gaur Donosti Cup txapelketan parte hartzen ari den Boliviako 23 emakumezkoen taldeari. Atzo izan zen Izagirre txapelketa ikusten, eta ondoren hartu zuen erabakia.
Guaraniak dira eta MOMIM Munduko Emakume Indigenen Mugimenduak eta Donosti Cupek aurrera ateratako proiektu baten emaitza izan da emakume txapelketan parte hartzea. Denak ama dira.
Kirol emaitza gutxenekoa da euren kasuan, izan ere, oztopo sozial, ekonomiko eta administratiboak gainditu behar izan dituzte futbolean jokatzeko eta Donostiara etortzeko.
"Ondo pasatzeko hasi ginen jokatzen, gure arazoak ahaztu eta lasaitasuna bilatzeko. Gure gizonengatik diskriminatuak sentitzen ginen", adierazi zion BERRIAri jokalarietako batek. Xabier Azkargorta ari da euren lan saioak zuzentzen.
Gaur 20:00etan hartuko ditu Izagirren udaletxean.