Donostiara ardi larruz jantzita datorren otsoa da Obradoiro

Hura igo berria izan arren Lagun Arok gehiegizko konfiantzaz jokatuz gero galdu egingo duela esan du Sito Alonsok

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Igo berria da Obradoiro, eta talde igo berriek, maila gorenera bueltatzen diren sasoietan, asko sufritzen dutela esaten du tradizioak. Galiziako taldeak, ordea, egina dauka maila batetik bestera dabiltza taldeen igogailu bidea. Bi urte atzera, maila galdu zuen, eta ez dago orduko kirol porrot hura errepikatzeko prest. Horregatik mantendu dute joan den denboraldiko bizkarrezurra, jokalarien arteko elkar ezagutza funtsezkoa delako kirol arrakasta orotan. Horregatik fitxatu dituzte jokalari interesgarriak, Obradoiro maila galtzeko kinieletatik urruntzen dutenak. Ardi larruz jantzita datorren otsoa da Moncho Fernandezek gidatzen duena.

Hortik dator Sito Alonsok herenegun eman zuen zuhurtzia mezua. Gehiegizko konfiantzarik ez edukitzeko eskatu zien bere jokalariei, ez fidatzeko Obradoiroren usteko maila apalarekin, «hori egiten badugu galdu egingo dugulako». Lagun Aroko entrenatzaileak Compostelako taldearen hainbat alor goraipatu zituen: «Azken bi sasoitan Baskoniarekin kanporaketak jokatu dituen joko antolatzailea da gidaria —Milt Palacio—, eta hori bere neurrian baloratu behar da. Italiako Legan saskiratzailerik onena izandakoa ere fitxatu dute, eta eskarmentu handiko jokalari sorta dute: Hopkins, Bulfony, Junyent...».

Obradoiroko entrenatzaileak ere lore asko bota dizkio Lagun Arori: «Elkarri asko laguntzen dioten jokalariak ditu, joko dinamikoa egiten duena, eraginkorra joko irekian. Dagoeneko bosgarren urtea dute jarraian ligan, eta arlo horretan gu baino gehiago dira». Donostiako taldeak ustez saskipean dituen arazoen inguruan, Fernandezek ados ez dagoela esan zuen: «Jokalari garaiak eta astunak dituzte».

Lagun Arok madarikazio bikoitza dauka Obradoirorekin eta liga hasierarekin. Azken lau ligetako lehen partida galdu du, eta behingoagatik, irabazten hastea zer den ezagutu nahi luke. Ilunben jokatuko du, zaleen epelean, eta ustez aurkari aproposaren aurka. Ustez, orain arte Obradoiroren aurka jokatutako dema denak galdu dituelako Lagun Arok.

LAGUN ARO-OBRADOIRO

Txapelketa. ACB Ligako lehenengo jardunaldia.

Lagun Aro. Salgado, Raul, Jimmy Baron, Lasa, Papamakarios, Vidal, Panko, Adeleke, Lorant, Doblas eta Betts.

Obradoiro. Andres Rodriguez, Milt Palacio, Bulfony, Nguema, Ebi Ere, Deron Washington, Corbacho, Hopkins, Levon Kendall, Lasme eta Junyent.

Tokia. Donostia Arena 2016 (9.700 eserleku).

Ordua. 12:30 (ETB 1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.