Donostiarrak estropada historikoa izan du gaur etxean, Eusko Label ligako hirugarren jardunaldian bandera astindu baitu. Bigarren garaipen du liga nagusian, aurrenekoa iaz Getxon lortu baitzuen. Azkeneko txandatik irabazi du estropada, eta bigarren luzearen erdialdean eman die kolpea txandakide zituen Santurtziri, Oriori eta Urdaibairi. Hegan egin du popareko luze horretan. Hirugarrenean ere dotore joan da, baina ziabogan ezbeharra izan du Ioritz Orbegozo aurrekalariaren arraun txikiarekin, hautsi egin zaiolako. Horregatik edo Oriok eta Santurtzik estutu egin dutelako, aldeak txikituz joan dira, baina sekula ez du arriskuan izan garaipena Donostiako taldeak. Azkenean, Santurtziri 10,90 segundo atera dizkio, eta 11,26 Oriori.
Itsasoa txarra zegoen arraunerako, haize olatu petral eta deserosoarekin, eta ezustea Isuntzak eman du, lehen txandan irabazle izan denak. Laugarren sailkatu da gaur, eta ohorezko txandan egingo du arraunean bihar Zierbenan (12:00). Kontrako aldean ere izan dira espero ez ziren emaitzak: Hondarribiak bederatzigarren egin du gaur, eta Zierbenak seigarren. Bi talde horiei ia ihes egin die ligak. Izan ere, Santurtzi liderrak (lehen aldiz da aurreneko postuan liga nagusian) 15 puntu ateratzen dizkio Hondarribiari, eta Orio bigarrenak 14. Donostiarra da hirugarren sailkatua, Oriorekin berdinduta.
Euskotren ligan, Orioren bigarrena
Oriok sendo jarraitzen du Euskotren ligan, hirugarren jardunaldian ere garaile izan delako. Donostiako estropada irabazi du, aurreko astean Coruñan (Galizia) jokatutako bietan egin zuen bezala. 4,80 segundo atera dizkio Arraun Lagunaki, 9,90 Hondarribiari, eta 11,74 Donostiarrari.
Sailkapenean, handitu egin du aldea Oriok bigarrena den Donostiarrarekiko, bost puntukoa delako orain. Hondarribiari sei ateratzen dizkio, eta zazpi Arraun Lagunaki. Laugarren jardunaldia bihar izango dute Zierbenan (Bizkaia), 11:40ean.