Arrauna

Donostiarrak ez du araua hautsi, epaileak bere akatsa onartu baitu

Ofizioz eta behin-behinean Iker Imaz arraunlaria etxekotzat hartu du. Donostiarrak gaia aztertzeko eskaria egin zion haren aurka bost klubek jarritako helegiteen aurretik

Xabat Pastor eta Joxe Leibar Donostiarrako arraunlariak joan zen igandeko garaipena ospatzen, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2022ko uztailaren 7a
00:00
Entzun

Traineruen Kluben Elkarteko Lehiaketako epaileak atzo eman zuen behin-behineko epaia Donostiarraren inguruko aferaz, eta onartu du klubak ez duela araurik hautsi; akatsa berea izan zela arraunlarien zerrendetan oker izendatu zuelako Iker Imaz: harrobikotzat hartu zuen, etxekoa denean. Bi eguneko epea eman die klubei helegiteak aurkezteko, eta auzi honetako gainerakoak gero aztertuko ditu. Oraingoz, behintzat, Donostiarra lehen sailkatuak ez ditu galduko lehen bi egunetan batutako 23 puntuak, helegitea aurkeztu zuten bost klubek eskatzen duten bezala.

 

Epaia ez dagokio horri, dena dela. Ofizioz sartu da auzian, Donostiarrak berak beste klubek aurkeztutako helegitea baino lehen egin zion eskari baten harira —astelehenean, 22:13an; klubena 22:44an—. Donostiakoak jakinaren gainean zeuden helegitea aurkeztekotan zirela klub batzuk, eta epaileari jakinarazi zioten argitzeko Imaz arraunlariaren izendapena zertan zen. Horri eman zion atzo erantzuna. Bost kluben helegiteak geroago aztertuko dituela ere esan du epaian.

Gertatzen dena gertatzen dela, estu hartu dute Eusko Label ligako bost klubek lehiaketaren buruan doan trainerua: Donostiarra. Araua haustea leporatu diote lehen bi estropadetan, Bilbon eta Donostian, eta helegitea horregatik aurkeztu zioten lehiaketako epaileari.

Imaz arraunlariaren egoera da auzia. Ligan, kirolari bakoitzak izendapen bat izaten du: etxekoa, kanpokoa edo harrobikoa. Imaz harrobiko gisa ageri zen zerrenda ofizialetan atzo arte, baina, helegitea aurkeztu zuten kluben ustez, etxekoa da, orain epaileak onartu duen bezala. Eskifaia bakoitzak honela banatu behar ditu arraunlariak, bakoitzaren izendapenaren arabera: zazpik etxeko izan behar dute, eta horietatik hiruk, harrobiko; edo, bestela, sei etxeko, eta horietatik hiru harrobiko, edo, beste kasu batean, bost etxeko eta bostak harrobiko. Bi estropada horietan, Donostiako taldeak aurreneko formula erabili zuen, Imaz barruan zela bi egunetan.

Epaileak Donostiakoen bi estropadak baliogabetzat jotzeko, ordea, araudiko 32. 4 artikuluan jasota dago frogatu egin beharko litzatekeela «fede txarrez jokatu» zuela. Hala eginez gero, punturik gabe utziko luke. Oraingo 23 puntuak galduko lituzke. Donostiarrak garbi izan du ez duela zirkinik ere egin Imazen izendapenaren inguruan, eta epaileak atzoko epaian berretsi egiten du hori.

Aurreko sasoian zuen estreinakoa Eusko Label ligan, eta etxeko gisa izendatua izan zen Imaz. Aurten, ordea, arraunlarien zerrendak aztertzen dituztenek harrobikotzat jo dute, Donostiako klubak hala gertatzeko ezer egin gabe. Pertsona baten edo sistema informatikoaren huts bat izan dela esan dute, eta hori dio epaileak.

Donostiarrak «fede txarrez» ez duela jokatu frogatuko balitz, litekeena zen Imazi izendapena aldatzea, eta hemendik aurrerako estropadetan etxekotzat hartzea; epaileak egin duena, hain zuzen. Araudiak hau ere badio: izendapen okerrarekin jokatutako estropadetan ez litzaioke zigorrik ipiniko. Oraingoz, bide hau zabaldu du epaileak behin-behineko epaiarekin.

Imazi dagokionez, klubean beti izan dituzte zalantzak izendapenaren inguruan. Klub berezia da Donostiarra horretan, eta, adibidez, harrobikotzat dauzka Ur Kirolak taldeko arraunlariak, eta izan zituen Arraun Lagunak-eko batzuk ere 2017ra arte. Orduan, Klub Hitzartu bakarra aukeratu behar izan zuen, araudiari segituz, eta Ur Kirolaken alde egin zuen Donostiarrak. Gainera, egin izan ditu hitzarmenak inguruko beste klub batzuekin. Adibidez, Imazen jatorrizko klubarekin: Hernanirekin. Arraunlari horien izendapenaren inguruan beti egon da eztabaida, ezjakintasuna eta zalantza. Donostiarrara Hernanitik joan zen Imaz, hain zuzen. Gipuzkoako hiriburuko klubean lehendabiziko izendapena kanpotar izan zuen, KAE 2 ligan, eta, nola hiru urte jarraian egin zituen han bertan, laugarren urtean etxeko izendapena egokitu zitzaion.

«Fede txarra», kluben ustez

Ligetan, arraunlarien zerrendak aurkezteko epeak daude, lehiaketako araudiaren 27. artikuluak zehazten duenez. Aurrenekoan, denboraldiaurreko zerrenda aurkeztu behar izaten dute, otsailaren 20a baino lehen. Bigarrengoa, denboraldiko zerrenda deiturikoa, lehiaketa hasi baino hogei egun lehenago aurkeztu beharrekoa da. Aurtengo guztietan egon da Imaz harrobiko gisa, eta beste klubek ez dute helegiterik jarri, horretarako aukera egon badago ere.Liga hasi eta segituan jo dute bost klubek lehiaketako epailearengana: larunbatekoan, lau klubek jarri diote helegitea, eta igandekoan, bat gehiagok.

Garbi ikusten dute «fede txarrez jokatu» duela Donostiarrak: «Bazekien ez dela harrobikoa, eta, jakin arren, izendapen horrekin lehiatzen jarri du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.