Arrauna

Donostiarrak lehen aldiz irabazi du etxean, poparean bikain arituta

'Torrekua' trainerua izan da azkarrena etxeko estropadan. Arraun Lagunak izan da bigarren, hiru segundora, eta Orio, hirugarren, bederatzira    

Nerea Perez Donostiarrak taldeko patroia, etxeko bandera astintzen. GORKA RUBIO / FOKU
pettan uralde
2023ko uztailaren 8a
18:20
Entzun

Ilusio berezia egiten du etxeko estropada irabazteak, eta Donostiarrak dena eman du bandera irabazteko. Denboraldiaurre bikaina egin ostean, maila onena emateko prest daudela berretsi dute Torrekua traineruko kideak. Bigarren itzuli ikusgarria egin ostean astindu du Nerea Perezek lehen bandera, Euskotren Ligako hirugarren jardunaldian. Arraun Lagunak izan da bigarren, hiru segundora, eta Orio, hirugarren bederatzi segundora. Laugarren postuan sartu da Tolosaldea, 27.56ra, eta ohorezko txandan izango da bihar 40 ehunenengatik. Hori izan da gaur Hondarribiari atera dion aldea.

Hasiera parekatua izan ostean, ziabogara iristen lehena Lugañene izan da. Donostiarra bi segundora, Orio laura eta Tolosaldea 11ra izan dira. Ziabogatik irtetean, Donostiarra Arraun Lagunak taldearen denbora berean jarri da, eta etxekoen arteko lehia hasi da. Poparean bikain egin du Donostiarrak, eta lau segundo sartu dizkio lau kilometro eskasean. Momentu horretan hautsi du estropada Donostiarrak, eta Arraun Lagunak eta Orio aldentzen hasi dira. Paladaz-palada menderatuz, eta lasaitasun handiarekin iritsi da Donostiarra, etxeko bandera lehen aldiz irabazteko. Bandera poltsikoan zutela, emozioa bigarren postua lortzeko lehian izan da, eta azkenean Arraun Lagunak-ek eskuratu du. Ligako liderra izaten jaraituko dute 15 punturekin, eta Donostiarra gertu, 14rekin.

Lehen txandan ere ez da ikusmina faltatu. Hondarribia izan da nagusi, baina hasiera zaildu egin dio Hibaikak, eta gertu izan dira Errenteriakoak. Lehen minutuak oso parekatuak izan dira. Hiru minutuak igarota, hiru segundoko tartea atera dio Hondarribiak Hibaikari, eta bostekoa Caborii. Urrutiago Tiran aritu da, arraunketa ona bilatu ezinik. Gauzak horrela, ziabogan erabakiko zenaren itxura zuen lehen txandak. Usteak ez dira bete. Izan ere, lehen hiru taldeek ederki igaro dute baliza, eta bigarren itzulia gertu hasi dute. Azkenean, ontzi berdeak irabazi du lehen txanda, Donostian ospe txarra duen lehen kaletik, Hibaikari hamahiru segundo atera dizkio. Ondoren Cabo iritsi da, hamazazpira, eta azkenik, Tiran, 37ra.

Fabrika bandera
1. Donostiarra 10.44,90
2. Arraun Lagunak 4,08ra
3. Orio 9,20ra
4. Tolosaldea 27,56ra
5. Hondarribia 27,96ra
6. Hibaika 41,06ra
7. Cabo 45,90era
8. Tiran 1.05,34ra

Euskotren Liga
1. Arraun Lagunak 15 puntu
2. Donostiarra 14 pt.
3. Tolosaldea 12 pt.
4. Orio 11 pt.
5. Hondarribia 8 pt.
6. Hibaika 5 pt.
7. Cabo 5 pt.
8. Tiran 2 pt.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.