Amaiera arte, zirrara. Gorengo mailan berdintasun handia egoteak horixe dakar, eta, enegarrenez, gaur islatu da hori, Rianxon (Galizia), Eusko Label ligako hamaikagarren jardunaldian. Donostiarrak jaso du saria, bigarren txandatik bere lana ondo baino hobeto eginda. Urdaibai aurkari zuzenari bi segundo atera dizkio, eta aintzat hartzeko denbora egin du Igor Makazagaren taldeak. Hirugarren txandako lau taldeak emaitza horren jakitun irten dira. Santurtzik txanda kontrolpean eraman du, baina hiru ziabogetan Donostiarraren denbora hobetu ezinik ibili da. Azken luzean, Iker Zabalarenak guztia eman dute; baita tartea laburtu ere, baina ez nahikoa bandera irabazteko. Azkenean, 56 ehunengatik Donostiarra izan da garaile.
Sailkapen nagusiari dagokionez, bestalde, Santurtzik Hondarribiarekiko zuen aldea zortzi puntura zabaldu du; Ama Guadalupekoa ontziak bosgarren egin baitu, Urdaibai eta Zierbenaren atzetik, hurrenez hurren. Orio, berriz, seigarrena izan da. Bai Hondarribia bai Orio bigarren txandatik ariko dira bihar, Boiron (12:15, ETB 1).
Ezjakintasuna eta tentsioa. Sentipen horiek izaten dituzte arraunlari eta entrenatzaileek inoiz arraun egin gabeko estropada eremuan aritu behar direnean. Hain zuzen, Eusko Label ligako ontziek estreinakoa izan zuten atzo Rianxoko (Galizia) ur bihurrietan, ligako hamaikagarren jardunaldian. Arousa ibaiaren itsasadarrean izanik, ur-lasterra eta haizea izan ziren kontuan hartu beharreko naturaren bi aldagaiak; izan ere, marea behera zihoan, eta itsaslasterrak asko bultzatzen zien ontziei, marea guztiz biziak ez izan arren. Haizearen norabideak ere zeresana eman zuen; kanporanzko luzean haizeak istribor hanketik jotzen zien, ohi ez bezala. Baldintzak baldintza, patroiek eta arraunlariek egoera horretara egokitu behar.
Laugarren kalea joan da irabazlea. Alboan, hurrenez hurren, Ondarroa, Cabo eta Urdaibai aritu dira. Haizearen norabideak hala eskatuta, lau patroiek euren ontzia istribor aldera zuten lerrokatuta. Irteera eman orduko, estropada eremuko bi ertzeko taldeek hartu dute estropada burua, hots, txandako bi ontzi indartsuenek: Donostiarrak eta Urdaibaik. Denbora berean heldu dira lehen ziabogara, baina Cabo eta Ondarroa ez ziren aparte; bi segundo geroago biratu dute euren ontzia.
Bigarren luzean, agidanez, laugarren kaletik ontzia azkarrago joaten zen aurreneko kaletik baino, eta Donostiarrak zukua atera dio abantaila horri. Dena den, itsaslasterra eta haizea aurka edukita, arraunlariek lan nekeza izan dute arrauna uretatik ateratzeko eta erasoa jotzeko. Arkaitz Diaz eta haren kuadrillak Urdaibairekiko bi segundoko aldearekin egin dute barruko ziaboga. Atzean, berriz, tarte bera zuten Ondarroak eta Cabok, bizkaitarren alderako.
Hirugarren ziabogaren bila ere egoerak bere horretan jarraitu du; Donostiarra aurretik, baina harrokeriarik gabe, Urdaibaik ez baitzuen inolaz ere etsitzen. Makazagarenak bi segundoko abantailarekin irten dira maniobratik. Ikusteko zegoen talde bakoitzak zein norabide hartuko zuen. Donostiarrak haren alboko kalean zihoan Ondarroa atzean zuenez, Diaz lemazainak istriborrera joateko erabakia hartu zuen. GPSak bi segundoan markatzen zuen Donostiarraren eta Urdaibaren arteko aldea, eta abantail labur horrekin nagusitu zaio Torrekua Bou Bizkaia ontziari.
Makazagarenek ondoasko zekiten euren denbora hobetzeko hirugarren txandakoek ondo baino hobeto egin beharko zutela arraun. Bistan zen donostiarrak ez zirela Galiziara muskuiluak jatera joan; trapua irabaztera baizik. Horiek hala, Santurtzi, Zierbena, Orio eta Hondarribia su bizian irten ziren lehen txanpan. Kanporanzko luzean, ordea, barealdia etorri zen, haien kalterako; izan ere, lehen ziabogarako Donostiarrak Santurtzi txandako lehenari bost segundo ateratzen zizkion, eta bigarren ziabogan lau segundoko atzerapena zuen Zabalaren taldeak. Zierbena zihoan bigarren postuan, Santurtzirengandik bi segundora, laura Hondarribia eta seira Orio.
Santurtziko arraunlariak palakada erritmo sarrian zihoazen: 37ko erritmoan, eman eta eman. Halere, Gorka Aranberri lemazainak Zabalarengandik jasotzen zituen datuak ez ziren hain gustagarriak mutilentzako. Azken ziabogara Donostiarra baino bost segundo geroago heldu ziren. Kale edo bale.
Luze erabakigarrienean sartu zirenean, lehertzera atera ziren Santurtzikoak, eta hirura laburtu zuten tartea. 400 metro falta zirela, Donostiarrarengandik segundo bakarrera zihoazen moreak. Sotera ontziko arraunlariek datu hori jakitean, are gehiago sarritu zuten palakada erritmoa: 43ra. 200 metro falta zirela, orduko 22 kilometro abiadurako haize ufada egon zen, eta Aranberrik gehiago eskatzen zien haren mutilei. Artean, epaileek foto finish-a presto zuten jarrita. Amaieran, 56 ehuneneko aldea egon da Donostiarra eta Santurtziren artean, gipuzkoarren alderako. Denboraldiko lehen garaipena Makazagaren taldearentzat.
Lehen txandan, bestalde, Aresek bere legea ezarri du, eta galiziarrek are gehiago sendotu dute sailkapen nagusiko bederatzigarren postua. Atzean, Tiranek eta Zarautzek gatza jarri diote lehiari. Azken ziabogan, Asier Puertasen taldea aurretik zen, baina nahi baino zabalxeago atera dira maniobratik, Moañakoen mesederako. Tiranek laugarren luzean atzetik aurrerako lan bikaina egin du, eta Zarautz baino lehenago helmugaratu da; puntu bat gehiago zakura. Isuntza, bestalde, uretara itzuli da, aurreko asteburuan lehiatu ezinik geratu eta gero. Bada, nabaritu zaie ez daudela oraindik sasoi puntu onenean. Gaurko ontzirik apalena izan da Lekittarra.
Rianxoko bandera
1. Donostiarra 19.59,90
2. Santurtzi 0,56ra
3. Zierbena 2,04ra
4. Urdaibai 7,22ra
5. Hondarribia 11,02ra
6. Orio 11,14ra
7. Ondarroa 15,70era
8. Cabo da Cruz 18,08ra
9. Ares 27,16ra
10. Tiran 32,02ra
11. Zarautz 35,70era
12. Isuntza 39,76ra
Eusko Label ligako sailkapena
1. Santurtzi 117 puntu
2. Hondarribia 109 pt.
3. Zierbena 97 pt.
4. Donostiarra 96 pt
5. Orio 93 pt.
6. Urdaibai 87 pt.
7. Ondarroa 62 pt.
8. Cabo da Cruz 61 pt.
9. Ares 50 pt.
10. Isuntza 44 pt.
11. Tiran 36 pt.
12. Zarautz 28 pt.