Marcelo Bielsa Bilbora iritsi zenetik ez dituzte une goxoak bizi zazpi jokalarik. Entrenatzaile argentinarraren asmoetan ez sartzea gutxi izango ez balitz bezala, ezin dira entrenatu beste taldekideekin, Edu Estibariz prestatzaile fisikoaren aginduetara baizik. Koikili Lertxundik, Iñigo Diaz de Zeriok, Mikel Balenziagak, Iban Zubiaurrek, Iñigo Perezek, Galder Cerrajeriak eta Urko Verak argi dute Marcelo Bielsa taldean den bitartean ez dutela jokatuko. Beraz, jokatu nahi izanez gero, taldetik irten beharko dute. Jokalari horien egoera ez da batere xamurra. Taldeko dinamikatik kanpo egoteaz gain ez dutelako kideen ordutegi berbera. Zazpikotea beste jokalariak baino goizago entrenatzen dira, eta besteak asterako lanak amaituak dituzte. Lehena irten da dagoeneko multzotik: Ion Velez izan da, Gironak fitxatu baitu.
Koikili Lertxundi
Ezustekorik handiena
Inor gutxik espero zezakeen Koikili taldetik kanpo geratzea. 2007-2008ko denboraldian iritsi zen Athleticera, Sestao Riverretik. Ordutik, aldagelan indar handia hartu du Otxandiokoak. Caparrosekin asko jokatu arren, ez du talde zuri-gorrian jarraituko. Marcelo Bielsak argi utzi dio ez duela kontuan hartuko, eta, horrenbestez, irteeraren bat bilatu beharko du. Litekeena da bere talde berria Celta izatea. Galiziarrek Lagoren hutsa beteko duen ezker hegaleko atzelari bat behar baitute. Beste hautagai bat Osasuna izan daiteke. Gorritxoek Del Horno nahi zuten, baina horrek atzo fitxatu zuen Levanterekin.
Iñigo Diaz de Zerio
Las Palmasen zain
2009ko udan iritsi zen Lezamara, Realeko kontratua amaitu bezain laster. Ordutik aurrera, gipuzkoarra bere aukeraren zain egon da. Utzita joatea ere onartu du, baina ez du izan Athleticen jokatzeko aukerarik. Iritsi zenean, Joaquin Caparrosek ez zion aukerarik eman, eta Bielsak ere bide beretik jarraitzen du. Iragan sasoian bezala —zortzi partida jokatu zituen Kordoban— kanpoan bilatu beharko ditu Bilbon ez dituen minutuak. Ziurrenik, berriz ere utzita joango da, baina kasu honetan Las Palmasera.
Mikel Balenziaga
Bigarren Mailara begira
2008ko udan iritsi zen talde zuri-gorrira, Realeko bigarren taldetik. Donostian aukera izan ez arren, iritsi berritan Caparrosek Lehen Mailan aritzeko hautatu zuen. Iragan sasoian, berriz, partida bakarra jokatu zuen. Bielsarekin bere egoera ez da asko aldatu, eta ez dio aukerarik eman. Halere, taldea aurkitzerako orduan ez du arazorik izango, Valladolidek eta Las Palmasek jokalaria fitxatzeko asmoa baitute.
Iban Zubiaurre
Urtea zuriz pasatzeko bidean
Jokatzea oso zail dauka Mendaroko atzelariak. Bielsak aukerarik ez dio emango, eta zail izango du beste talde bat aurkitzea. Izan ere, oraindik ez da hasi entrenamenduekin, alergiak jota dagoelako, eta medikuek oraindik ez dakite noiz osatuko den. Gainera, utzita egon den bi denboraldietan —joan den sasoian Albaceten 11 partida jokatu zituen bakarrik— ez du espero bezain ondo jokatu.
Iñigo Perez
Huescatik hurbil
Erdilaria da taldea uzteko aukera gehien duen jokalaria. Iragan sasoian Huescan aritu zen utzita, hiru hilabetez. Ongi aritu zen, eta litekeena da aurten berriz ere hara itzultzea. Denbora horretan asko jokatu zuen; hamahiru partidatan, hain zuzen ere. Utzita aritu ziren jokalarien artean berak baliatu zuen hobekien aukera. Halere, oraingoz, ez du lekurik talde zuri-gorrian.
Galder Cerrajeria
Kontratua berrituta, talde bila
Ekainaren 30ean amaitu zitzaion Athleticekin zuen kontratua, baina bi urtez luzatu zuen. Bigarren taldean jokatzen zuen arren, lehen taldeko kontratua egin zioten ekainean. Egoera berrira egokitzeko astirik gabe, jokatzeko aukera emango dion talde bat bilatu beharko du Barakaldoko erdilariak. Profesionaletan esperientzia gutxi du —22 urte ditu—, eta horrek ez dio mesederik egiten. Halere, Granadak jokalariaren egoerarengatik galdetu du.
Urko Vera
Eskaintzak soberan
Aurrelari gazteak lehen eta bigarren taldeak tartekatu zituen iragan sasoian, eta oraingoan ez du Bilbon jarraituko ziurrenik. Verak, ordea, ez dirudi arazorik izango duenik talde berri bat aurkitzeko. Dagoeneko Bigarren Mailako lau talde interesatu dira jokalariaren egoeraz; Elx, Murtzia, Las Palmas eta Kordoba.
Dortsalik gabe, nora ezean
Marcelo Bielsak zazpi jokalari utzi ditu entrenamenduetatik kanpo; haren asmoetan ez dute tokirik, eta talde bila dabiltzaEgoera berean zegoen Ion Velez, baina aurrelaria Gironara joan da kontratua etenda
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu