Pibot batean garrantzi handi-handirik ez duen dohaina da dotorezia; dotorea izatea edo ez. Indarra, jaurtiketa ona, bizitasuna, ardura hartzeko gaitasuna… ezaugarri askok erabakitzen dute jokalari baten maila, baina ezkutu samar geratzen da dotorezia. Zer gertatzen da ezaugarri horiei guztiei dotorea izatea gehitzen bazaio? Jokalari bikainak. Bikaina zen Hakeem Olajuwon, baina dotorea ere bai. Bikaina da Luis Scola, eta dotorea ere bai. Tim Duncan bezala. Edo Kenny Green, erreboteak zeruan hartu eta txapelak jartzeko zuen ahalmen handiagatik.
D'Or Fischer ez da izar bat, baina itxuraz dirudiena baino jokalari hobea da, iaioa alor askotan. Bere zenbakiek halakorik erakusten ez badute ere. Fischer ez da hogei puntu eta hamar erreboteko jokalaria, baina hori egitea eskatuko baliote, gai izango litzateke ziurrenik. Jokatu duen talde guztietan bere lana ondo bete duen jokalariaren sona dauka, eta lan hori egiten serioa delako egin du hoberantz bere kirol ibilbidean.
Charlotte Bobcatsekin egin zuen proba unibertsitateko epea bukatuta, baina ez zuen NBAn jokatzeko aukerarik eduki. Partida batean hamahiru txapel jarri zituen, eta NCAA Unibertsitate ligako marka historikoa berdintzear geratu zen. Marka hori hamalaukoa zen, eta David Robinson izeneko jokalari batek lortu zuen. NBAko historiako jokalari onenetakoak. NBAn zorterik ez, eta Europan saiatu zen, Poloniako Anwil Wloclawek taldean. Estatubatuar asko bezala, sorterriaren falta sumatu zuen, eta 2005ean NBDL Garapen Ligan saiatu zen. Han ere etorkizun handirik ez, eta Europara bueltatu zen, baina buelta egiteko hegazkin txartelik gabe.
Alemanian berrekin zion, Oldenburgo taldean, eta handik Belgikara joan zen, Bree BBCra. Ezkutuan mundu guztiarentzat, Europako saskibaloi talde indartsuenetako ikuskatzaile batzuentzat izan ezik. Bestelakoan zaila delako ulertzen nolatan lurreratu zen Israelen, hango talde onenean: Maccabi Tel Aviv. Zerbait ondo egin zuen, Israelgo talde boteretsuaren sarea erakartzeko. Bi urte egin zituen han, lan jakina eginez: erreboteak jaso eta aurkariei beldurra eragin. Puntuak sartzeko izarrak soberan zeuzkan Maccabik, baina isilpeko langileak ez asko. Fischer onena.
Real Madrilen aurka jokatu zuen bere partidarik onena, eta bere ekarpenaren ondorioz, Real Madrilek Bartzelonaren aurka jokatu behar izan zuen joan den urteko Lauko Finalaren atarikoa. Bartzelona nagusitu zen, eta Real Madril Lauko Finaletik at geratu zen. Ettore Messinak ez zuen nahi tamainako zigorrik errepikatzea, eta negozio kontuetan hainbeste erabiltzen den erabakia hartu zuen: aurkaria menderatu ezin baduzu, berarekin elkartu. Eta Fischer fitxatu zuen. Intendentzia lanetarako. Loreak, besteentzat; lana, Fischerrentzat. Eta Fischer isilik, langile, jarreraz ere dotore.
Lasoren erabakia
Pablo Laso iritsi berriak Tomic, Begic, Mirotic eta Felipe Reyesen aldeko apustua egin zuen, eta Fischer bidali izanak burrunba handi samarra eragin zuen Espainiako hiriburuan. Estatubatuarra zaleen kutuna bilakatu zen sasoi bakarrean, langilea zelako.
Bilbon ez zuten aukera alferrik pasatzen utzi, eta ongietorri beroa egin zioten. Beltzez jantzita ematen ari da bere onena Fischer. Orain arte ondoen moldatzen den alorretan antzera jarraitzen duelako, baina Fotis Katsikarisek gauza gehiago eskatu dizkiolako. Puntuak sartzea, adibidez. Eta horretan ere ondo ari da. Lauzpabost metroko jaurtiketa ona duelako. Hirukoekin ere saiatu izan da, eta portzentaje onekin. Dotorea da jaurtiketa teknikan Fischer, hegaleko fin baten tankerakoa. Eta dotorea erreboteak eta txapelak jartzeko orduan. Bere timing-a ezin hobea da (jauzia egiteko pausoak).
Gizaseme lasaia da Fischer, «beste edozein pertsona bezala». Buruan zinta beltza jartzen duenean, beldur apur bat sortzen du, baina kantxatik at lasaitasuna transmititzen du, intelektual trazako betaurrekoekin. 211 zentimetro luze ez balitz inork ez luke asmatuko saskibaloi jokalaria dela. Baina bada, eta ona.
D'Or Fischer
Dotorezia ukitua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu