Grezian dena da muturrekoa azkeneko bi urteetan. Porrot ekonomiko handia izan dute han, eta Europako diru erreskatera eta Nazioarteko Diru Funtsaren maileguetara jo behar izan dute krisitik irteteko asmoz. Lortuko duten edo ez ikusteko dago, egun batean bai eta hurrengoan ere bai istiluak izaten direlako Atenas hiriburuko kaleetan. Krisi ekonomikoagatik gertatzen dira istiluak orain, baina kirol kontuengatik ere hainbat arazo eta istilu sortu izan dira betidanik Grezian. Protagonista, bi talde, eta talde horietako zale beroak: Panathinaikos eta Olympiakos.
OAKA eta Bakea eta Laguntasunaren pabiloi erraldoiak dozenaka borrokaren lekuko izan dira. Kantxa barruko borrokak askotan, baina baita harmailetakoak ere. Aulkiak hegan, objektuak hara eta hona, jokalariak borrokan, bengalak sutan… Inork baino hobeto ezagutzen du kantxa horietako infernua Vassilis Spanulisek (Larissa, Grezia, 1982). Greziako bi talde indartsuetan jokatzeko adorea izan duen bakarretakoa delako.
Erabaki horrek garrantzi handia dauka Grezian, beste herrialdeetan konparaziorik ez duena. Euskal Herrian Realean jokatu eta Athleticekin fitxatzen duen jokalaria edo alderantzizkoa litzateke adibidea, baina askoz maila apalagoan. Grezian sakrilegioaren parekoa da Panathinaikosen edo Olympiakosen jokatu eta talde batetik bestera egitea jauzia. Bekatua, astakeria, bi taldeetako zaleen begietara. Baina erabaki hori hartu zuen Spanulisek.
Agian Larissan jaiotakoa delako, Atenas hiriburutik 350 kilometrora, eta ez duelako bi talde horien arteko ezinikusia ondo dastatu. Lau urte oso egin zituen Panathinaikosekin, eta berdez margotu bere bizitza. Larissa apalean hasi, Marussi maila ertaineko taldean hazi, eta Greziako talde handienetakoan ikur bilakatu. Herri hartako lau liga irabazi zituen jarraian, eta Zeljko Obradovic handiaren aginduetara, bere kirol ibilbideko titulu distiratsuena ere bai: Euroliga, 2009an, eta Lauko Finaleko jokalari onenaren saria. Berlinen jaso zuen, finalerdian Olympiakosen aurka hemezortzi puntu eta finalean Moskuko CSKAren aurka beste hamahiru lortuta.
Diruaren hotsa
Dena zen polita, perfektua, baina urtebete geroago kontratua bukatu zitzaion Spanulisi, eta negoziazioa gaiztotu egin zen. Panathinaikosek bere aurrekontua murriztu beste erremediorik ez zuen izan, eta soldatak apaltzeko eskatu zien bere izarrei. Eskaera onartu zuten batzuek; Mike Batiste eta Dimitrios Diamantidisek, adibidez. Spanulisek bereari eutsi zion, eta urteko milioi erdi euroko jaitsierari ezezkoa eman. Mingain gaiztoen arabera, Spanulisen azken helburua Panathinaikosen diru gehien jasotzen zuen jokalaria izatea zen. Egoen txokea, Diamantidise- kin, zeinak berak baino estimu handiagoa zeukan.
Kapitainak baino sos gutxiago irabaztea onartezina zela pentsatu zuen Spanulisek, eta mendekua hartu zuen, Olympiakos bizilagunarekin kontratua sinatuta. Bi urte, bost milioi euroren truke. Adorea behar da gero pauso hori emateko, baina kantxan bezain ausart jokatu zuen Spanulisek, Panathinaikoseko zale eta prentsaren errespetu falta eta irainak jasanda, aurkari gaizto izan zituen zaleen babesa aldarrikatuz. Diruak konponezinak diren iskanbilak ere konpontzen baititu. Drakmaz, euroz betetako drama ernatu zen.
Uda honetan, Olympiakoseko jabeek, Angelopulos anaiek, kito esan zuten, ez zutela diru gehiago alferrik galduko saskibaloi taldean, eta krisi hotsak zabaldu ziren. Spanulisek eta haren taldekideek lau hilabete zeramatzaten soldatarik jaso gabe, eta euren etorkizuna negoziatzeko askatasuna eman zieten. Eskaintza festa jaso zuen Spanulisek, eta ez talde apalena: Bartzelona, Real Madril, Efes Pilsen… Inork espero ez zuenean, bere kontratuko sosak jasoko zituela agindu zioten jokalariari, eta taldean geratu zen.
Taldearen jarduna apal samarra da oraingoz. Lanak izango ditu A multzoko lau onenen artean sartu eta Top16a jokatzeko, baina Spanulis dagoen taldea beti da arriskutsua, partidako ia hogei puntu lortzen dituelako, eta ia bost asistentzia eman. Hirukoetan %47 asmatzen dituelako eta kantxan lider petoa delako. Inork ez du irabazi Euroligarik Greziako bi talde handiekin, eta berak izan nahi du lehena. Motibazio nahikoa da hori Europako jokalari onenetako batentzat.
Drakmaz betetako drama
Vassilis Spanulisek Atenas aztoratu zuen iazko udan, Panathinaikos utzi eta Olympiakosekin fitxatuta. Diruzale deitu zioten hiriko alde batean, ongietorri beroa eman bestean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu