Igerileku Laburreko Munduko Txapelketek ez dute igerileku luzekoen oihartzunik, eta atzotik igandera arte Dubain (Arabiar Emirerri Batuak) lorturiko markek ez dute sona handirik izango. Dena den, ekitaldi garrantzitsua da egutegian, puntako igerilari gehienak elkartuko baitira han —Michael Phelps bakarrik faltako da handien artean—, eta 2011ko uztailean Shanghain jokatuko diren igerileku luzekoen atarikoa da. Eta bertan euskal igerilari bakarra dago, Antton Haranburu bardoztarra (Lapurdi).
Haranburu gaur bertan uretaratuko da —08:58ean, Euskal Herriko ordua—, 4x200 metro libreko proban, Frantziako laukotearekin. Goizez sailkapen proba jokatuko du, eta sailkatuz gero, arratsaldean, finala. Frantziak laukote indartsua du, eta bardoztarra Yannick Agnel izar gaztearekin eta Clement Lefert eta Jeremy Sraviusekin ariko da. Laukoak brontzezko domina lortu du aurten Budapesteko Europako Txapelketetan, eta Dubain dominen lehian ibil daitezke.
Haranbururentzat, baina, txapelketa bat baino gehiago da; multzo batean finkatzea da. Europako Txapelketaren ondoren, abuztuaren amaieran, bere kezkak aitortu zizkion BERRIAri. Oraindik «berria» dela, «hauskorra», eta egonkortzeko premia sumatzen zuela. Bardoztarrak taldeko laugarren kide gisa ikusten du bere burua, eta xedea hirugarrena izatea edota laugarren postu horretan finkatzea da, eta Dubain hautatzaileak bere alde egin izana albiste ona da.
Postu horri eusteak bi sari handi ditu oraingoz: lehenbizi, Shanghain lehiatzeko aukera, eta, gero, 2012ko Olinpiar Jokoetan aritzea. Egun 19 urte ditu Haranburuk, eta Londresen 21ekin parte hartuko luke. Ordurako segundo bat hobetu nahi du 200 metroko bere markarik onena (1.49,50). Lortuko balu, bakarka lehiatzeko aukera ere izango luke, bere beste helburua. Horretarako, postu bat hobeto beharko luke halaber 2011ko Frantziako Txapelketetan, aurten laugarren izan baita.
Dubai, Shanghai, Londres
Antton Haranburu gaur Igerileku Laburreko Munduko Txapelketan ariko da, Frantziarekin, 4x200 metroko proban
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu