Real Madril. Llull (8), Suarez (7), Fernandez (13), Mirotic (12), Begic (8) —hasierako bostekoa—; Tomic (10), Pocius (8), Reyes (3), Rodriguez (4), Carroll (2) eta Ibaka (8).
Lagun Aro GBC. Raulzinho Neto (8), Baron (15), Vidal (5), Panko (19), Betts —hasierako bostekoa—; Papamakarios, Lasa, Doblas, Salgado (11), Adeleke (12) eta Lorant (4).
Markagailua. 25-12, 49-39 (atsedenaldian); 66-57 eta 82-74.
Epaileak. De la Maza, Guirao eta Calatrava. Ez zuten inor kanporatu.
Bestelakoak. 8.600 ikusle inguru Madrilgo Autonomia Erkidegoko pabiloian.
Ertzean berriro. Ia-ia, baina esku-hutsik etxera. Duintasunez jardutea ona da, eta norberaren mugak onartzea ere bai, baina okertzeko beldurrik gabe esan daiteke Lagun Aro umiltasun handiegiarekin aritu zela Madrilgo Kirol Jauregian. Irabaztea bekatua balitz bezala, Unicaja eta Efes Pilsen talde ahaltsuak hankapean ibili dituen talde handia menderatzea debekatua balego bezala. Duintasuna merkea baita. Komeria franko izan zuen espainiarren talentua eta oldarraldiak kate motzean lotzeko, baina erantzuteko adorea izan zuen ia beti Sito Alonsoren taldeak. Erantzunik onena eman behar zuen unea iritsi zen arte.
68-65 eta sei minutu partida bukatzeko. Talde handiak eta txikiak banatzen dituen unea izaten da hori, batzuek asmatu eta besteek kale egiten dutelako. Eta Lagun Aro txikia da oraindik. Papamakariosek bi hiruko egin zituen bakar-bakarrik, baina ez zuen asmatu. Asmatu izan balu, festa. Baron balego, agian asmatu eginen zuen, baina Rhode Islandekoa aulkian zegoen, lau faltarekin. Real Madrilek, aldiz, ez zuen huts egin, eta Miroticek saskipean sartutako lau punturi esker, aurrera atera zuen espero baino gehiago zaildu zitzaion lehia.
Gertu, baina urrun: horrela sentitu zen Lagun Aro. Real Madrilek egurrean ekin zion, eta donostiarren lozorroa baliatu 9-0 aurreratzeko; 25-12 ere bai, lehen laurdena bukatuta, Rudy Fernandezen kalitatea eta defentsako gogortasunari esker. Erabaki beharrekoa erabakita zegoela zirudien, baina Lagun Arok lehiaketako lehen zazpi partidetan erakutsitakoa errepikatu zuen: talde menderakaitza dela, ez dela berehalakoan belaunikatzen. Eta lanean jarraitu zuen.
Ibakari eta Carlos Suarezi adierazitako falta teknikoak baliatu zituzten gipuzkoarrek lehen aldiz aurrea hartzeko markagailuan (27-29). Kolpea nabaritu zuen Real Madrilek, lotuta zeukan garaipena airean baitzegoen. Baronek hamar puntu sartu zituen, eta Adeleke ere Bettsek eta Doblasek egiten ez zuten mina egin zuen saskipean.
Atsedenaldia ate-joka, parekotasuna zen nagusi, baina Lasoren taldeak beste erritmo aldaketa bat egin eta zulo handi samarra ireki zuen berriro: 49-39. Berriro lanean hasi behar, eta berriro asmatu. Lagun Aro ohartu zen puntu askoko partida batean ez zeukala zereginik, eta defentsa hobetzen hasi zen. Erraztasunik ez zuten bilatzen Real Madrileko jokalariek, baina, horren ondorioz, eurek ere hortzak estutu zituzten Lagun Aroren saskirako bideak ixteko. Eta arlo horretan ere talde bikaina da Real Madril: 2,20ko dorre bat baitu, Mirza Begic; 2,17ko beste bat, Tomic; eta fisikoki oso sendoak diren 2,08ko beste bi morrosko, Ibaka eta Mirotic.
Saskipetik ezin, eta kanpotik ahalegindu behar izan zuen Lagun Arok. Ihes egin zion partidak, Vidalek ez zuelako bere egun onena eduki; Pankok, oso nekatuta, ez zuelako freskotasun fisikorik; eta Baron hotz kantxaratu zelako, aulkian minutu asko egin ostean. Lagun Arok Alacanten aurka jokatuko du datorren igandean, eta, atzo bezala jokatuz gero, gertu izango du zulotik aldentzen lagunduko dion garaipena.
Real Madril 82. Lagun Aro GBC 74
Duintasuna merkea da
Lagun Arok lanak eman dizkio Real Madrili, baina kale egin du gertuen egon denean, eta atarian geratu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu