Amestutako norgehiagoka da, eta amestutako egoeran. Realak munduko talderik onenari egin beharko dio aurre gaur. Historiako onena ere badela uste dute askok, eta arrazoirik ez zaie falta horretarako, mendian loreak jasotzen dituenaren erraztasunarekin ari delako tituluak pilatzen Bartzelona azken urteetan. Emaitzak lortzeaz gain, nola lortzen dituen da harrigarriena, magia baitario haren jokoari. Bideo jokoetako taldea da, eta hankapean ibiltzen ditu aurkariak, aurkari handiak edo apalagoak izan. Baina Realak ez du bat gehiago izan nahi. Zer esana baduela erakutsi nahi du. Galtzea litzateke normalena, baina ez dago porrota merke saltzeko prest.
Izan ere, Bartzelonaren distirak badu aurpegi ilunagorik. Azken finean, diruaren nagusitasuna ordezkatzen du, Real Madrilek bezala. Aurpegi atseginagoarekin, balio eta konnotazio desberdinekin, politikan hainbat herrialdetan dagoen bipartidismoan bezala, baina mamia berbera da. Real Madrilen eta Bartzelonaren aginte globalizatuak bazterrean uzten ditu beste talde guztiak; Reala, besteak beste. Azken urteetan, maizegi egin dio men Realak Bartzelonaren handitasunari, bai zelai barruan jokalariek eta bai harmailetan zaleek. Bada garaia txuri-urdin izatearen duintasuna berreskuratu eta klubaren historia handiari ohore egiteko.
Martin Lasarte entrenatzaile aproposa da lehiakortasun hori berreskuratzeko. Jokalariak motibatzeko gaitasun berezia erakutsi du. Taldea bolada onean dago, gainera, eta horrek konfiantza eman behar dio gaurko erronkari aurre egiteko. Arrisku handia zuten bi partida irabazi ditu, Sporting eta Athleticen aurka. Ez dira denboraldiko norgehiagokarik onenak izan, jokoari erreparatuta, baina ofizioari eta sendotasunari esker lortu zuen garaipena Realak. Defentsan zuen buruhauste nagusia, baina bi partida horietan gol bakarra sartu zioten, eta erasoan, berriz, etekin itzela atera zien sortutako aukera apurrei.
Zurutuzaren zalantza zuen Lasartek gaurko, bihurritu arina baitzuen orkatilan erdilariak. Garaiz osatu da, eta deialdian sartu du, baina ikusi beharko da hasieratik arituko den. Taldearen termometroetako bat da. Bera ondo aritzen denean, baloia edukitzen duenean eta pentsatzeko denbora duenean, taldekideak ere hazi egiten dira. Nou Campek, gainera, zelai aproposa dirudi bere ezaugarrietarako. Baina ezin da baztertu Lasartek atseden ematea eta zelai erdian sendotasuna bilatzea, Rivasen aldamenean Markel edo Elustondo zelairatuta, eta Aranburu aurrerago kokatuta.
Tamudo deialdian
Tamudo eta Viguera sartu dira deialdian, Ifran eta Agirretxeren ordez. Kataluniarrak badaki, Llorentek bezala, zer den bere golekin Nou Camp mutu uztea. Hala ere, sufritzeko prestatu beharko du Realak, ez delako erraza Bartzelona gelditzea. Defentsa aurreratzen baldin bada, baditu sakonean min egiteko aurrelari azkarrak, eta azken pase milimetrikoa emateko erdilari dotoreak. Norbera atzean sartzen baldin bada, berriz, badu pazientzia baloia batetik bestera mugitzeko, eta aurkaria nekarazteko. Haatik, Pep Guardiolak atzo adierazi zuen «errespetu handia» diotela Realari eta ez dela kasualitatea dagoen tokian egotea.
Itxaropenerako motiboak badaude. Herculesek 0-2 irabazi zuen Nou Campen, eta Mallorcak puntu bat lortu zuen. Realaren maila bereko taldeak dira biak ere. Baina behar bezala koipeztatu gabeko trena zen Bartzelona artean. Orain, berriz, ziztu bizian ari da: 27 gol sartu ditu azken sei partidetan; tartean, bost Real Madrili. Bitxia bada ere, kopuru hobeak pilatu ditu alor guztietan etxetik at etxean baino. Bojan eta Keita berreskuratuko ditu Guardiolak. Jeffren eta Milito dira min hartuta dauden bakarrak. Beraz, hamaikakorik dotoreena zelairatu ahal izango du. Zalantzan dago Piquek hasieratik jokatuko duen, lau txartel hori baitaramatza.
Duintasunagatik
Munduko talderik onena estu hartzeko gai dela erakutsi nahi dio Realak bere buruari. Baliteke Lasartek Markel edo Elustondo jartzea zelai erdian, Zurutuzaren ordez, eta Aranburu aurrerago kokatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu