Gescrap Bizkaia. Jackson (19), Mumbru (8), Vasileiadis (9), D'Or Fischer (12), Hervelle (10) —hasierako bostekoa—; Fisher, Mavroeidis (2), Banic (4), Raul Lopez (3), Grimau eta Blums (4).
CSKA Mosku. Teodosic (4), Siskauskas (13), Kirilenko (23), Khriapa (10), Krstic (13) —hasierako zazpikoa—; Vorontsevitx (2), Xved (2), Kaun (3), Kurbanov eta Gordon (3).
Markagailua. 15-21, 28-39 (atsedenaldian); 47-56 eta 71-73.
Epaileak. Pukl, Zamojski eta Javor. Ez zuten inor kanporatu.
Bestelakoak. 10.014 ikusle Miribillako pabiloian.
Beste partidak. Olympiakos 76; Montepaschi Siena 69. Olympiakos Lauko Finalerako sailkatu da.
Bukatu da, baina ez dago atsekabetzeko tarterik. Gescrap Bizkaiak sekulako lana egin du Euroligan, bere lehen parte hartzean, eta tristurak ez dauka lekurik. Final-laurdenak jokatu ditu, ziurrenik Lauko Finala irabaziko dituen talde handiaren aurka laugarren norgehiagoka behartuta, eta baikor egoteko arrazoi asko daude. Arnas pixka bat hartzeko unea da, indarrak berreskuratzeko egunak, eta ACB ligaren bukaerari indartsu ekiteko garaia. Pasa den denboraldikoa errepikatzen saiatzeko, eta hurrengo sasoian berriro Euroliga jokatzeko. Nork pentsatzen zuen urrian Bizkaia martxo bukaeran Euroligan bizirik, lehia bizian egongo zela? Inork ez. Hasi berria zelako, aurrekontu handiagoko talde asko daudelako. Baina eutsi egin dio, adoretsu, eta duintasun handiz.
CSKAk ere merezita lortu du Lauko Finaleko txartela. Hirugarren partida istripu txiki bat izan zela erakutsi zuen hasi eta berehala, eta egurrean hasi zen. Jacksonen sua itzali zuten aurrena, eta Siskauskasek ere kate motzean lotu zuen Vasileiadis. Bi horiek asmatu ez, eta saskipea bilatu zuten Katsikarisen jokalariek. Moskuko taldeak nahi zuena, alegia. Zepoa jarri, eta bertan erori. Beso luzeak dantzan jarri zituztelako Krstic, Kirilenko, Kaun eta Khriapak. Eta haien aurka egin zuten talka jokalariek. Jokaldi askotan, gainera.
Kontraeraso edo jokaldi azkarretan bukatu zuten jokaldi asko. Kirilenkoren eskutik, gehienak. NBA albo batera utzi du Euroliga irabazteko, eta bizkar gainean hartu zuen erantzukizuna. Bikoak, hirukoak, erasoko erreboteak, txikitzeak... Saskibaloi lezioa eman zuen hegalekoak, eta parean jarri zitzaizkion guztiak lehertu zituen. Hiru falta atera zizkion Mumbruri, eta Vasileiadis eta Hervelle jarri zituen Katsikarisek. Haiek ere dantzan jarri zituen. Kirilenkok 29 puntuko balorazioa lortu zuen, 23 puntu eta zortzi errebote, baina bere eraginkortasuna erabatekoa izan zen. Azken jokaldian ere berari eman zioten baloia taldekideek, puntu bateko bi jaurtiketa saskiratu zitzan, eta azkeneko errebotea ere berea izan zen.
CSKA hasieratik izan zen nagusi. Inurri lana egin zuen lehen laurdenean, eta hamargarren minutuan ireki zuen zulo handiena: 15-21. Bigarren hamar minutuan partida hausteko lehen keinua egin zuen, eta 11 puntuko alde polita lortu: 28-39. Balorazioan sekulako aldea zegoen, 54 Errusiako taldearentzat, 17 baino ez Bilbokoentzat. Erreakzio espero zen etxekoen aldetik, belaunikaratzen zailak direlako, eta halaxe gertatu zen.
Puntu bakarrera
Aaron Jackson eta Vasileiadisen eskutik etorri zen gorakada. Pattalen aritu zen bikoaren eskutik, hain zuzen ere, eta une kritikoenean. 49-63koa lortu zuen Xvedek, eta Katsikarisen hutsarteak bere eragina izan zuen. 8-0ko partziala lortu zuen Bizkaiak, Jacksonen bost puntu eta Vasileiadisen beste hiruko batekin, eta 57-63 gerturatu zen Bizkaia. Zailena egin zuen, hurbildu, baina eskarmentu ikaragarria du CSKAk halako egoera larriak gobernatzen, eta sei puntuko errenta hori mantendu eta handitzea lortu zuen.
Ongien menderatzen dituen jokaldiekin. Blokeoa eta jarraipena, eta baloiak Krstici edo Kirilenkori. Bizkaia ezinean aritu zen bi horien emana eteteko, besteak beste falta asko pilatu zituztelako, eta partida hondarreraino itxaron behar izan zuten zaleek, oso momentu politak bizitzeko. Lau, hiru, bi puntu... 61-70kotik 70-71ra pasa zen markagailua bi minututan, eta zazpi segundo luze, jokatzeko. Galduta zeukan partidari buelta emateko itxaropena piztu zuen Jacksonek, eta Teodosicek bere kirol bizitzako puntu bateko bi jaurtiketa garrantzitsuenetakoak saskiratu behar izan zituen. Burrunba ikaragarriari aurre eginez, eta odol hotz handia erakutsita.
Azken jokaldian, Jacksonek bat sartu zuen, eta bigarrena kale egin. Errebotearen bila joan ziren Hervelle eta D'Or Fischer ardien bila doazen otsoen pare, baina partidako, Europako onenak eraman zuen altxorra: Kirilenkok. 71-73, baina zaleak poz-pozik. Jokalariek aldageletatik itzuli behar izan zuten, zaleak geldi zeudelako harmailetan. Bukatu da aurtengoa, baina duintasun handiz. Hasitako bideari segida ematea falta da orain.
Saskibaloia. Euroligako final-laurdenak. Gescrap Bizkaia 71. CSKA Mosku 73
Duintasunez
Joko onik gabe baina adoretsu eman du amore Bizkaiak; CSKAk irabazita zeukan norgehiagokari buelta ematear egon daKirilenkok sekulako mina egin du, eta epaileek asko zigortu dute Gescrap berriro
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu