Dusko, arazo bat daukagu

Zalgirisek partida ona jokatu, eta Baskonia zigortu du; arabarrei apur bat zaildu zaie Top 16ra iristeko bidea

Andoni Urbistondo.
2010eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Jim Lovell astronauta estatubatuarrak 'Houston, arazo bat daukagu' esaldi ezaguna bota zuen Apolo 13 ontzitik aspaldi, 1970. urtean. 40 urte geroago, hitz aldaketa egin, eta beste modu batera esan dezakegu esaldia: 'Dusko, arazo bat daukagu'. Arazo hori pibot handi, borrokalari, eraginkor baten hutsunea da. Hutsune handia. Aurkariak beldurtuko dituen morrosko bat falta du Baskoniak, baina egun, ez dauka pieza hori. Beno, pieza, eduki, badauka, baina gurina baino bigunagoa da saskipean. Bigarren zati osoa aulkitik ikusi zuen Stanko Baracek, lehen zatian kantxan eman zituen minutuetan hankapean ibili zuelako Mirza Begicek. Hankapean esaten denean, txikitu egin zuela esan nahi da: puntuak, txapelak, erasoko erreboteak, blokeoak...

Baracek buruan zeukan saltsa ikusita, alternatibak bilatu zituen Dusko Ivanovicek. Haislip aurrena, Rancik ondoren, Teletovic hurrena... Horiek ahal zutena egin zuten, baina lesio batetik atera berria den jokalariak, edo 2,06 neurtzen duten hegalekoek ezin dute ezer egin 2,20 neurtzen duen dorrearen aurka. Hori Baracen zeregina da. Erreboteetako estatistikak bere kasa erakusten du nondik lortu zuen garaipena Zalgirisek: 43 errebote hartu zituen, horietatik 17 erasoan. Baskoniak, erdiak baino gutxiago: 21.

Zalgirisek oso partida ona egin zuen. Polita, baliabideez betea, eta talentu askoko jokalariekin. Ezustean utzi zituen atzo Gasteizera hurbildu ziren asko. Begicek egindako txikizioa luze gogoratzekoa izan zen: 18 puntu jaurtiketa bakarra huts eginda, sei errebote, bi txapel, behartutako bost falta... Begic izan zen onena, baina asko egin zuten partida ona: Jankunasek 13 errebote hartu zituen, eta gaina hartu zion gogogabetuta bezala aritu zen San Emeteriori. Travis Watsonek ere 11 puntu eta zazpi errebote lortu zituen.

Barrutik eraginkor, eta kanpotik amorragarri. Delininkaitisek ezinezkoak ziruditen hirukoak sartu zituelako azken unean, Pociusek sekulako jokalaria izateko lehengaia duelako, eta Kalnietis eta Milaknis langileek ere ezin hobe egin zuten bere lana: bina hiruko bakoitzak.

Egurra defentsan

Zalgirisen garaipenak beste protagonista bat eduki zuen: Asa Petrovic entrenatzailea. Lezio taktikoa eman zion Ivanovic herrikideari, eta Baskoniaren erasoko sistemak buruz ikasi zituela erakutsi. Teletovic ezeztatu zuen Jankunasek, eta oso oldarkor aritu ziren pase lerroak zailtzeko asmoz. Asmatu egin zuten, eta Baskoniak arazo franko izan zuen ia beti joko dinamikoa egiteko. Ez zuen asmatu antzera jokatzen. Tarteka epaileek ez ziotela utzi ere esan liteke, baina horretara ere moldatzen jakin behar da.

Jokalari askoren zama astuna eraman zuen bizkarrean minutu askotan Baskoniak: Bjelica, Barac, San Emeterio, Oleson, Pau Ribas. Asmatu ezinik. Loganek ere ez zuen partida biribila egin, eta Teletovicek eta Rancikek bakarrik eman zuten neurria. Eta halere partida irabazteko aukera izan zuen. Huertasek, ordea, saskiraketa zailenak egiteko dohaina du, eta errazenak kale egiteko. Garaipenak tantaka egin zuen ihes, askoz lehenago. Begicek, Jankunasek edo beste norbaitek erasoan hartzen zituzten erreboteei esker. Porrota ez da larria, baina Baskoniak etxean egindako akatsa konpondu beharko du Belgraden hurrengo astean.Pibotaren arazoak luzeago joko du.

Caja Laboral Baskonia 88

Zalgiris Kaunas 92

Caja Laboral Baskonia. Ribas (7), Logan (7), San Emeterio (5), teletovic (17), Barac (4) -hasierako boskotea- Huertas (14), Oleson (4), Bjelica (3), Rancik (24), Haislip (3).

Zalgiris Kaunas. Watson (11), Milaknis (6), Salenga, Watson (11), Jankunas (12) -hasierako boskotea- Pocius (16), Kalnietis (14), delininkaitis (9), Klimavicius (2), Begic (18).

Markagailua. 22-24, 41-43 (atsedenaldian); 63-64 eta 88-92.

Epaileak. Zuemblicki, Taurino eta Maricic. Baskoniako San Emetgerio kanpoartu zuten faltengatik.

Bestelakoak. 9.6000 ikusle Buesa Arenan.

Euroliga

Lehen ligaxkako 4. jardunaldia

AtzoEmaitza

Caja Laboral Baskonia-Zalgiris88-92

Asseco Prokom-Partizan62-69

GaurOrdua

Khimki-Maccabi18:00

A multzoko sailkapena

. J. I. G. PA


1.Zalgiris. 4. 3. 1. +5


2. Maccabi. 3. 2. 1. +13


3. Khimki. 3. 2. 1. +6


3. Caja Laboral Baskonia. 4. 2. 2. -3


5. Partizan. 4. 2. 2. -13


6. Asseco Prokom. 4. 0. 4. -26


Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.