TXIRRINDULARITZA. FRANTZIAKO TOURRA

Ea alpeetan...

enekoitz telleria sarriegi
2004ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Ez dauka atzera bueltarik. Gertatu da. Kitto. Pirinioetatik oso gutxik atera dute errenta, eta euskal txirrindulariek batere ez. Deitu triskantza, txikizioa, hondamendia... Gogorrak dira hitzak bizikleta gainean horrenbeste sufritzen dutenentzat, baina helburuak ezarri, errepikatu, puztu ere bai (zergatik ez), baina lortzen ez direnean, bakarra da gehienetan hitza: kale. Frantziako Tourreko bigarren laurdenean kale. Hau ez da bukatu. Alpeak gelditzen dira. Mamia banatuta dago, baina apurrak Tourrean ez dira mahai azpira botatzen.

-Armstrong: Seigarren Tourra irabaztea maldan beherako kontua du, nahiz eta gelditzen diren azken maldetan gora utziko duen ziurrenik dena erabakita. Kontrolpean du dena, eta ez dirudi aztoratuko duen inor agertuko denik. Zenbateraino den berak asmatu duelako eta ustez arerio gogorrak zirenek kale egin dutelako? Datu bat dago argigarria: ia erasorik jo gabe gelditu dela bakarrik garaipena eskura duela. La Mongien gora pedal kolpe bizi-gogorra nahikoa, eta Plateau de Beillen taldelan ikusgarria nahikoa, gero berak azken triskantza egiteko. Indar guztien beharrik ez duela behar izan dirudi. Soberan dauzkan horiek botatzeko aukera paregabeak gelditzen zaizkio: Alpe d'Huezeko kronoigoera (bihar), Glandon, Madeleine, Forclaz eta Croix Fry mendateak (etzi), eta Besançoneko erlojupekoa (larunbatean). Hura ezagututa, etzikoan utzi nahiko du erabakita aurtengoa.

-podiuma: Sailkapen nagusiari eta orain arteko jardunari begiratuta, jokoan dagoen koska bakarra hirugarrena dela dirudi. Iban Basso da Armstrongi eusteko gai izan den bakarra, kronoigoeretan ongi moldatzen da, badu errenta atzetik dituenekiko, eta badu etaparik aldeak oraindik handitzeko. Armstrongen nagusitasuna zalantzan jar dezakeen bakarra da, baina Bjarne Riis CSCko bere zuzendariak esan duen bezala, Armstrongek « oso egun txarra» eduki beharko luke horretarako. Andreas Kloden (T-Mobile) eta Francisco Mancebo (Illes Balears) ditu atzetik, baina Thomas Voeckler La Boulangereko egungo liderrarekin ez dadila inor ahaztu. Armstrongek lidergoa kenduta ere, badu errenta atzetik dituenekiko, eta borrokatu gabe ez da geldituko sobera erakutsi du hori aurtengo Tourrean. Atzerago, baina aukeraren batekin, Georg Totschnig (Gerolsteiner), Jose Azevedo (US Postal) eta Jan Ullrich (T-Mobile). Azken horrek, Alpeetan sendatu nahiko du Pirinioek egin dioten zauria.

-Alpeak: Tourra aurkeztu zuten egunean, ez zuten Alpeek gaur duten erakargarritasun berbera. Inondik ere ez. Pirinioetako orekaren ostean, erabaki beharreko guztia Alpeetan erabakiko zela esan zuten orduan. Ez zuten asmatu, baina ez du esan nahi horrek erakargarritasunik ez dutenik. Gaur da Alpeetako lehenengo etapa. Mendate asko, baina lehen mailakoa bat bakarra. Indartsuenen artean min egiteko baino, abenturazaleentzat dirudi aproposagoa. Biharkoak bai, biharkoak erabakita utz dezake aurtengoa. Kronoigoera Apel d'Huezera. Erabaki beharrekoa erabakitzeko. Ostegunean da Alpeetako hiru- garrena, eta bezperan galdutakoak irabazteko edo irabazitakoak galtzeko arriskua du. Igotzaileentzat, larunbateko erlojupekoan trakets samar molda daitezkenentzat azken aukera.

-EUSKAL TXIRRINDULARIAK: Sailkapen nagusian jai dute, eta bestelakoak saiatzeko atea irekitzen die horrek. Ausardia dute sobera, baina indarrek egiten diete huts. Alpeetan dute orain arte egiten asmatu ez dutena egiteko aukera: etaparen bat irabaztea Zumarragan jaiotako Aitor Gonzalezek igandean lortu zuena ahaztu gabe, hori bai. Egia da ez dutela gehienek espero genuen maila eman, baina horrek ez dio inori eskubiderik ematen argudiorik gabe jipoitzeko (hitzez) eta argudiorik gabe erasotzeko (ekintzaz, Euskaltel-Euskadiren autoa kolpatu eta urratuz). Aproposak behar dute izan Alpeak bizikleta gainean berriro gozatzeko eta gozarazteko, presio jasangaitzik gabe, erantzukizunaren zamarik gabe (tamalez).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.