Ea final-laurdenetan...

Asteburuan zerrendaburuak sartuko dira lehian, eta orain arteko partiden maila hobetzea espero da

enekoitz telleria sarriegi
DONOSTIA
2003ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Ez dugu uste askok jarriko dutenik zalantzan: EPELen Lau t'erdiko Txapelketak balantzaka eta gora eta behera egin du orain artekoa. Ale kaskarrak ederrak baino gehiago, eta alde handiegiak estutasuna eta oreka baino gehiago. Emaitzei erreparatzea besterik ez dago hainbatetan zuloak handiegiak izan direla ikusteko, eta jokoari erreparatzea besterik ez dago Titin III.arena eta Capellanena bakarrik salbatu ditzakegula ohartzeko. Eta lesioek beste itxura bat eman diotela ere bai. Beloki zuzenean sartu da finalerdietako ligaxkan Olaizola II.ak parte hartzeari uko egin diolako, eta Nagorek ere aurrera egin du Kokak partida bertan behera utzi zuelako. Ea final-laurdenetan...

-UNANUE-TITIN III.A: Ez dago inolako zalantzarik. Final-laurdenetako partidarik erakargarriena da, eta orain arte jokatu direnen artean ikusmin handiena sortu duena. Uneotako bi aurrelari puntakoenak, oldarkorrenak eta ikusgarrienak elkarren kontra larunbatean Iruñean. Airez sartzeko elkarri tokia kendu ezinda biak. Lehen aukera nork harrapatuko tantoa bukatzeko. Titinek argi dago ez duela bere jokatzeko era aldatuko. Bi kanporaketa gainditu ditu jada, eta, ulergaitza bada ere, uda osoan erakutsitako mailari eusten dio oraindik (gehitu ez badu). Unanueren abantaila da denbora asko izan duela txapelketa behar bezala prestatzeko, eta neurri horretan aritzeko espezialista handienetako bat dela. Aire eta erasorako grinaz gain, kolpea eta luze jokatzeko gaitasuna ditu Añorgakoak. Iaz ere aritu ziren elkarren kontra eta Unanue nagusitu zen (22-17).

-BARRIOLA-CAPELLAN: Errioxarrak egin du berea. Bi kanporaketa gainditu ditu eta zerrendaburuenganaino iritsi da. Zerrendaburuenganaino iritsi eta iazko kontrario berberarekin egingo du topo: Abel Barriolarekin. Iaz ez zion batere lanik eman. 22-6 irabazi zuen Barriolak. Aurten? Abel Barriolaren inguruan berak merezi eta irabazi baino zalantza gehiago sortu dira udan. Logroñoko San Mateo Torneoan lortutako garaipenaren meritua Titinentzat izan zen, eta Leitzakoa ezkutu samarrean pasatu da nolabait. Iaz galdutako txapela du helburu. Denboraldi oso bat udako jardunaren arabera neurtzea ez dela justua adierazi zigun orain dela ez asko, eta denboraldi berriari lau t'erdikoarekin ekingo dio. Joan dena baino hobea izan dadila. Hori Barriolaren jomuga.

-ESAIN-NAGORE: Iñaki Esainen sasoia da kanporaketa horretan mintzagai nagusia. Txapelketa behar bezala prestatzeko denbora. Hori da zerrendaburuak izaten duen abantaila, baina Burlatakoak bizkarreko minez egin du azken hilabetea eta herenegun egin zuen Labriten fundamentuzko aurreneko entrenamendua Oinatz Bengoetxearekin aritu zen. San Mateo Torneoan jokatu zuen azkeneko partida, eta zaila izango da hasi berritan Jorge Nagoreri aurre egitea. Iaz txapelketa ikusgarria egin zuen Esainek: Jokin Etxaniz (21-22), Patxi Ruiz (22-18), Mikel Goñi (10-22), Martin Alustiza (16-22) eta Patxi Eugi (21-22) kanporatuta sartu zen finalerdietako ligaxkan. Aurten egin dezakeenari buruz zalantza gehiago daude. Nagore berpiztuta ari da bere espezialitatean. Onenak emanda zegoela ziotenei kontrakoa erakutsi nahi die.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.