Erakustaldia. Beste behin ere, erakustaldi ederra eman zuten atzo Aimar Olaizolak eta Mikel Beroizek, Hendaiako Beltzenia pilotalekuan. Partida hasierako susmoak itzalpean utzi zituzten, beraz. Izan ere, Yves Salaberri Xala-k eta Aritz Laskurainek garaipena lor zezaketela uste zuten hainbat pilotazalek, baina ez. Ezta inondik ere. Gaizki hasi ondoren, lehia orekatzea lortu zuten, baina oro har jokoan alde dezentea egon zen bi bikoteen artean. Indartsu esatea gutxi da. Pilotaren gailurrean daude Asegarcekoak momentu honetan, eta kostako da haiei irabaztea.
Norgehiagokaren hasiera zirraragarria izan zen. Kolore bakarra nagusitu zen: urdina. Eta soilik bikote bat gailentzen denean, apenas goza dezakeen ikusleak. Baina atzo bai. Benetan gustagarria izan zen Olaizola II.aren eta Beroizen hasierako jokoa. Uhartekoak pilota astindu, eta Goizuetakoak errematatu. Horixe izan zen irabazleen sekretua. Aurkariei ez zien ezertarako aukerarik eman, eta konturatzerako 0-9 aurreratu ziren markagailuan. Kantxa azkarra eta distira handikoa da Beltzenia pilotalekukoa, eta Olaizola II.ak min handia egin zuen ezker airearekin.
Bazirudien beste garaipen erraz bat eskuratuko zutela Asegarcekoek; baina ez, garaiz ireki zituzten begiak Xalak eta Laskurainek. Lanean eta pazientzian oinarritu zuten euren jokoa, eta asmatu zuten. Neurketaren erdialderako, oreka eta emozioa ipini zuten (11-13).
Hortxe amaitu zen, halere, Aspekoen itxaropena. Xala asmatzen ari zen ordura arte: ezker kolpe freskoa eta eskuin bolea baliatuta. Ordea, 22ra iristeko lan franko egin beharra dago, eta gehiago halako aurkarien kontra. Olaizola II.ak aginte makila hartu, eta hasierako joko bera atera zuen, Beroizen laguntza bikainarekin. Gorriek berdinketa gertu izan arren (13-15), azkar aritu ziren irabazleak, eta amaieran jaun eta jabe izan ziren. Azken emaitza 22-17koa izan zen.
Horiek horrela, sailkapenaren buruan jarraituko dute Olaizola II.ak eta Beroizek, eta lehen itzulia amaitzeko jardunaldi baten faltan, ia eginda dauzkate lanak. Jokatutako sei partidak irabazteaz gain, tanteo ezin hobea daukate. Xalak eta Laskurainek, bere aldetik, lehiatzen jarraitu beharko dute. Bi garaipen eta lau porrotekin daude, baina jokoan hobekuntza nabarmena egiten ari dira. Atzo bezala jokatzen badute, finalerdietako txartela ez dute urrun izango.
Iruñean gaur, Labriten
Bengoetxea VI.a-Apraiz eta Irujo-Barriola ariko dira nor baino nor gehiago, gaur, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Aspekoak faborito irtengo dira, bikote osoagoa osatzen baitute. Joan den astean txapelketako lehen partida galdu arren, sasoi onean daude. Asegarcekoak, aldiz, euren maila eman ezinik dabiltza. Apraizek hobera egin du azken partidetan, baina leitzar aurrelariari kostatzen ari zaio bere ohiko mailara itzultzen. Defentsan hanka bizkorrak erakutsi ditu, baina tantoa amaitzen ez dabil fin.
Bilboko Bizkaiaren txanda izango da bihar. Titin III.a eta Merino II.a ariko dira batetik, eta Berasaluze VIII.a eta Albisu, bestetik. Neurketa orekatua espero da.
Ea nork gelditzen dituen
Olaizola II.a-Beroizek partidarik galdu gabe jarraitzen dute Xalari eta Laskuraini 22-17 irabazi ondoren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu