EAEko Futbol Federazioko presidente izendatu dute gaur Santiago Arostegi, eta 2012 arte bete ahal izango du bere zeregina. Arostegi, 61 urtekoa eta Deustun (egun, Bilbo) jaioa eta Gasteizko bizilaguna, Iñaki Dobaranen ordez ariko da.
Dobaranen agintaldiaren bukaeran, azaro-abenduan, polemika bizia sortu zen Federazioaren eta ehunka kirolariren artean, futbol selekzioari Euskadi izena ala Euskal Herria jartzearen inguruan. Jokalariak Euskal Herria izenaren alde agertu ziren agiri baten bidez (gero beste ehunka kirolarik sostengatua), baina Federazioak eta Eusko Jaurlaritzak Euskadi izenari eusten segitu zutenez, ez zen inolako akordiorik lortu, eta azkenean ez zuten jokatu abenduaren 27rako aurreikusia zegoen euskal selekzioaren eta Irangoaren arteko partida. Ezta geroagoko aurreikusitakoa ere, Galiziaren aurkakoa.
Arostegi Luis Mari Elustondorekin (Bizkaiko Erandio futbol taldeko presidentea) lehiatzekoa zen EAEko Futbol Federazioko presidentetzarako hauteskundeetan, honek ere hautagaitza aurkezteko asmoa agertu baitzuen. Alabaina, babesik ez zuenez lortu, bere hautagaitza erretiratu zuen, bozen aurretik.
Futbola
EAEko Futbol Federazioko presidente izendatu dute Santiago Arostegi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu