Egon al da inoiz hain desorekatua Miarritzeren eta Baionaren arteko derbi bat partida jokatu aurretik? Ederra da Miarritze, arrakastaren olatuan dagoen taldea; eta Piztia, berriz, Baiona, arazoak bata bestearen gibeletik metatzen dituena. Lapurdiko bi taldeak elkarren aurka ariko diren honetan, inor gutxik egin du Baionaren alde. «Jokalariez gain, nork erran lezake irabaziko dugula?», azaldu du Christian Lantak, Baionako entrenatzaileak.
Dena dira laudorio Aguilerakoentzat, eta kritika zein gupida Aturri eta Errobikoentzat. Orain dela bi egun, Mike Phillips eta Cedric Heymansen aurka hartutako zigorrak ez du lagundu egoera baretzen. Miarritze ikasle ona da, lehen lerroan jarrita dagoena, galderei fin erantzuten diena, eta etxeko lanak beti eginak dituena. Baiona, ordea, azken lerroan dagoen ikasle txarra da. Lanak ez ditu nehoiz eginak, galderei ez die erantzuten eta klasekideak trabatzen ditu bere portaerarekin. Urte bukaerako azterketa hurbiltzen doalarik, inor gutxik egiten du ikasle txarraren alde.
Alta, Baionak ez du Miarritzera bere burua salduta joan nahi. «Ez gara biktimak. Zer erakutsia eta frogatua badugu. Ez gara faboritoak, baina aldapa azpian kolpea jotzea ere bada errugbia», zehaztu du Lantak. Errugbian, buruak eragin handia du, eta inor gutxik garaile emanen zuen hark irabaztea gertatzen da tarteka. Adibidez, 2004an, Top14ra igo berritan, Baionak Aguileran Miarritze txapeldunari irabazi zion.
Kolpea emateko, errugbiaren balioetan, eta jokoaren oinarrietan ezarriko dute arreta baionarrek. «Gure defentsarekin eta aitzinekoekin zerbait egin dezakegula sinestuta nago», esan du Jean-Jo Marmouyet Baiona Ttipikoak. «Zaleen errespetua berreskuratu nahi badugu, borrokan dena eman beharko dugu. Jarrera aldatu beharko dugu, eta ohorez aritu», gaineratu du Lantak.
Miarritzeren sendotasuna
Baina Miarritze ez da atzo sortua. Badaki zer datorkion gainera. «Derbi batean ez dago faboritorik. Partida berezia da, eta lehenago gertatutakoak ez du balio», azaldu du Arnaud Hegik, Milafrangako aztalkariak. «Racingen partidaren ondotik, denek argi genuen zer proposatuko zigun Baionak: borroka eta grina handia. Abisatuta gaude ».
Partida honen gidoia aldez aurretik idatzita dago: ostiko luzeak, baloia irabazteko borroka latza eta joko txikia aitzinekoekin. Estilo horretara Miarritze kasik garaiezina da. Racingen aurka, Top14ko pack sendoenetariko baten aurka, Aguilerako taldeak bere indarraren erakustaldia eman zuen. Ez da plazer partida bat izanen Erik Lund edo Taeleren gisako armairuak aurpegian hartzea. Uztartze irekietan, Guyot eta Dubarryren plakatzeekedo Lakafiaren bizkortasunak min eginen dute. Geldikako jokaldietan, berriz, Hegiren inguruan, ederki antolatuta daude miarriztarrak. Parean, Roumieu, Boutaty edo Chisholmen karga bakarti eta anarkikoak irrigarri suerta daitezke.
Derbiak mesfidati bihurtu badu ere, Miarritze bere buruaz segur dago. Baina bere buruaz seguruegi ez al dago? «Derbia bukatuta, Baionan jende anitz triste egonen da», adierazi du Hegik. Baionako entrenatzaileek argi dute. Zer hoberik jokalarien oldarraldia lortzeko, parekoaren erdeinua erakustea baino? Emaitza bat edo beste izan, borroka faltarik ez da izanen.
MIARRITZE-BAIONA
Miarritze. Broster, Hegi, Blaauw; E. Lund, Taele; Guyot, Lakafia, Dubarry; Lesgourgues, Barraque; Brew, Traille (kapitaina), Gimenez, Haylett-Petty; eta Balshaw.
Baiona. Iginiz, Roumieu, Tialata; Chisholm (kapitaina), Senekal; Marmouyet, Puricelli, Bernad; Gartzia, Boyet; O'Connor, Lacroix, Ahotaeiloa, Rokocoko; eta Spedding.
Epailea. Jerome Garces.
Sailkapena. Miarritze bosgarren da (hemezortzi puntu) eta Baiona hamabigarren (bederatzi puntu).
Lekua. Aguilera (13.500 ikusle).
Ordua. 17:05 (C+ Frantzia).
Ederra eta Piztia
Kontrako egoeran daude Baiona eta Miarritze gaurko derbiaren atarian: xuri-urdinak, pattal, eta xuri-gorriak, sendoEtxeko taldean dena ondo doa. Bisitarien artean, ordea, zalaparta da nagusi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu