Edo dena edo ezer ere ez

San Miguelek eta Urrutiak banakako Kutxa Torneoaren finalerako txartela dute jokoan gaur, Galarretan

jon eskudero
Donostia
2011ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Iritsi da onenen txanda. Iritsi da kale edo bale egiteko ordua. Edo finalera igaro, edo txapelketatik kanpo geratu. Edo dena, edo ezer ere ez. Julen San Miguelek eta Miguel Mari Urrutiak banakako Kutxa Torneoaren lehen finalerdia jokatuko dute gaur, Galarretan, eta urte osoko lana biribildu edo ezerezean utziko dute. Sasoiko lehiarik garrantzitsuena izaki, buru-belarri prestatu dira txapela janzteko asmoz, baina horretarako aukera bietako batek soilik izango du. Partida, hasiera batean, zinez da interesgarria. Biak atzelariak dira, eta antzerako jokoa egin ohi dute. Sasoi onenean nor dagoen, baina, arratsaldeko 16:00etatik aurrera ikusiko da.

Garaipena lortzeko ez dago faborito argirik, baina Urrutiak badu abantaila txiki bat. Izan ere, final-laurdenetako ligaxkan hiru neurketa jokatu ditu, eta erritmo bizi-bizian dago. San Miguelek, bere aldetik, gaurkoa izango du txapelketako estreinako partida, eta hori beti izaten da arriskutsua. «Asko entrenatu dut buruz buru, baina partida jokatzea ezberdina da. Tentsio ugari egoten da pilotalekuan, eta ez da erraza ongi jokatzea. Hala ere, baikor naiz», adierazi du astean zehar Doneztebekoak.

Iaz txapelketako ezustekoa izan zen San Miguel, izugarrizko maila erakutsi baitzuen. Finalera iritsi zen, eta ozta-ozta galdu zuen Koteto Ezkurraren aurka (35-32). Pilotari altua da,indartsua, eta buruz buru aritzeko ezaugarri bikainak ditu. Urrutiarentzat bezala, Doneztebekoarentzat ere defentsa da hobetu beharreko arloa. Banakako lehia gehienetan gertatzen den moduan, sakea izango da partida irabazteko gako nagusia. Piloteoan parekotasun handia espero da, eta baliteke saketik tanto gehien egiten duenak irabaztea.

Urrutia bere mailatik nahiko urrun aritu da ligaxkako partidetan, azkenekoan izan ezik. Momentu erabakigarria heldu zitzaionean ongi erantzun zuen Saldiaskoak, eta konfiantzaz gainezka dago. 2008. eta 2009. urteetan txapeldun izan zen, eta hirugarrenaren bila doa. Bigarren finalerdia hilaren 27an jokatuko dute Ezkurrak eta Urrizak. Lehenengoa faborito garbia da.

San Miguel eta Urrutiaz gain, Iñaki Gaztelu ere protagonista izango da gaurko jaialdian. Hamalau urte profesionaletan eman ondoren, gaur hartuko baitu erretiroa. Ezkurra izango du lagun, eta Uterga eta Lizaso aurkari. Atzelari fin eta on batek esango dio agur erremonteari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.