Edozein antz kasualitatea da

Eguna eta gaua bezalakoak. Halakoak dira Miarritzek iaz eta aurten egindako sasoi hastapenak. Iaz ez zuen irabazi lehen bost jardunaldietan. Aurten, ordea, lehen lauetan nagusitu da.

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Sasoiak pasatzen dira, baina beti ez dira elkar iduri. Azken urteetan, Agilera aldean denboraldia ongi hasteko zailtasuna zen nagusi. Usu, lehen hilabeteetan galdutako puntuen gibeletik pasatzen zuen urtea Miarritzek, bere helburuak betetzeko. Iragan urtean, joaneko fasea sailkapeneko azken postuan bukatu zuen, eta sasoia Europako Challenge kopa irabaziz bukatu.

Alta, aldi honetan gauzak erabat desberdin doaz lapurtarrentzat. Lau partidatik lau irabazi dituzte, eta sailkapeneko bigarren postuan daude Toulon boteretsuaren gibeletik. Puntu gehigarriak gorabehera, Miarritzek hamazazpi puntu ditu, eta Toulonek hemezortzi. Halere, gustura hartzeko moduko emaitza da miarriztarrena. Iragan sasoitik gauzak aldatu direnaren seinale.

1. Aldeko egutegia

Miarritze sailkapeneko goikaldean dago, besteek baino partida gehiago irabazi dituelako. Hori bada aski meritu, baina aitortu beharra dago egutegia ere ez duela izan zitekeen zailena ukan. Lehen lau partidatik hiru etxean jokatu ditu, Mont de Marsan, Tolosa eta Montpellierren aurka. Agileran hutsik ez egitea lortu du, eta hori oso datu garrantzitsua da. Etxetik kanpo jokatutako partida, berriz, Agenen irabazi du. Garona eskualdeko taldea pattal dabil, eta, etxetik kanpo irabaztea beti bada zaila, segur aski Miarritze ez da izanen Agenetik garaipena ekarriko duen talde bakarra.

Baina, etxean anitz jokatuagatik, Miarritzek aski meritu erakutsi du. Egia da Agen eta Mont de Marsan ez direla Top 14ko talderik indartsuenak. Baina, aipatzekoa da Miarritzek etxean Montpellierri eta, batez ere, Tolosari irabazi diola. Biak oso talde sendoak dira, eta etxean horrelako taldeen aurka puntuak batzea ezinbesteko baldintza da Miarritzek sasoi honetarako dituen helburuak betetzeko, alegia, Heineken koparako sailkatzeko.

2. Ongi betetako hutsuneak

Alta, sasoia hasi baino lehen, iraganeko mamuak ez ziren Agileratik urrun ibili. Iragan sasoian bezala, Miarritzek lehen partida hauek bere izar handiak gabe jokatu behar izan du. Imanol Hariñordokiri ebakuntza egin zioten udan, eta oraindik taldekideekin batera ez du estreina egin. Dimitri Yachvilik ere ebakuntza jasan zuen udan, baina estreina egiteko denbora izan zuen. 30 minutu jokatu ondoren, baina, beste ebakuntza bat egin behar diotela jakinarazi zuen klubak.

Bere bi jokalari nagusiak gabe, anitz ziren kezkak Miarritzek eman zezakeen mailari buruz. Lapurdiko taldeak erantzuna ederki atzeman du. Aitzinean, Hariñordokiren hutsunea betetzeko lan ederra egiten ari da Raphael Lakafia. Baina, batez ere, uztartze erdi postuan eta ostikoetan topatu du erantzuna Miarritzek. Jokoan, Yachviliren postua betetzeko Yann Lesgourgues gazteari egin dio konfiantza. Lesgourgues bikain ari da, jokoa ederki animatuz eta aitzinekoak ongi zuzenduz. Ostikadei dagokionez, Jean-Pascale Barraque gazteak hartu du ardura. Lehen hiru partidetan bikain jardun da lan horretan, orotara ostiko bat bakarrik huts eginez. Montpellierren aurka estatistikak apaldu zaizkio, baina nahikoa egin du Miarritzeren garaipena segurtatzeko.

Bitartean, Yachvilik eta Hariñordokik min hartuta jarraitzen dute. Oraingoz, hori ez da aski arazo izan Miarritzeren sasoi hastapena oztopatzeko. Agilerakoek erakutsi dute bere bi jokalari onenak gabe irabazteko gai direla.

3. Eskarmentuaren onurak

Iragan sasoi hastapenari alderatuta, Miarritzeri lasaiago eta konfiantzarekin nabari zaio. Munduko Kopa denboran oso gaizki kudeatu zituen norgehiagokak, liderren falta agerian utziz. Aldi honetan, eskarmentu handiagoa eta taldean pisu handia duten jokalari batzuk zelaian izan dira, iaz ez bezala. Alde horretatik, iragan urtean Erik eta Magnus Lund anaiak gabe jokatu behar izan zuen luzaz Miarritzek. Sasoi hastapen honetan zelaian daude, eta biek Ingalaterrako selekzioarekin edo Ingalaterrako ligan irabazitako eskarmentua ekarri dute.

Lund anaien ondoan, beste batzuk fitxatzeak ere on egin du. Agilerako zaleak oraindik zain daude Matt Berquist Zeelanda Berriko irekitzaileak noiz eginen duen estreina. Huts egin ez duena, berriz, Galesko selekzioko Aled Brew hegalekoa da. Tolosaren aurka aritu zen aurrenekoz hasieratik, eta oso partida ona egin zuen. Montpellierren aurka ere bere indarrak on egin zion Miarritzeri. Iain Balsahwekin batera, osagarritasuna eta goi mailako esperientzia ekarri du.

4. Defentsa bikaina

Bere buruaz segur eta konfiantza pilatuta, Miarritzek bere indargune klasikoak landu ahal izan ditu. Bere urterik onenetan bezala, jokoaren oinarrietan oso sendo ari da. Baloia izateko borroka zuzenean fin ari da, izan eskasetan zein uztartzeetan. Aitzinean, berriz, uztartzeetan min egin dezakeela erakutsi du Agen eta Montpellierren aurkako neurketetan. Baina, batez ere, bere urte onenetako defentsa berreskuratu du. Lau partidetan lau entsegu bakarrik egin dizkiote, eta Top 14ko defentsarik sendoena da. Aurkariei izugarri kostatzen zaie Miarritzeri puntuak egitea, eta hori oso oinarri sendoa da partidak irabazteko. Orain, bide horretan jarraitzea da garrantzitsuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.