Golak: 0-1: Wallnerrek (30. min.); 0-2: Leonardok (30. min.); 1-2: Llorentek, penaltiz (68. min.); 2-2: Llorentek, penaltiz ( 75.min.) Epailea: Ivan Bebek (Kroazia). Txartel horia Salzburgoko Cziommer, Leonardo, Sekagya, Pasanen, Wallnerr eta Gustafssoni eta gorria Lindgreni (bi hori, 74.min.). Bestelakoak: Ikusle asko San Mamesen, ia goraino bete zen. Gustafsson Salzburgoko kapitainak lore sorta bat jarri zuen Pichichiren eskulturaren alboan, aurrenekoz jokatu zuelako San Mamesen.
Albiste on eta itxaropen arratsaldea izan zen atzokoa Euskal Herrian. Ezin aproposagoa Marcelo Bielsaren futbol eta joko proposamen ausartak ilusioa pizten jarrai zezan. Teknikariak botoi egokia sakatu zuela zirudien ligako azken bi partidetan, emaitzak behintzat lagun zirelako eta jokoa apurka hobetzen ari zelako. Baina hori du Athletic berri gorabeheratsuak, ia edozein egun mikazteko kapaza dela, eta zale baikorrena ere estadiorik kopetilun irtenaraz dezake. Hutsen erruz 0-2 galtzen hasi ziren, eta partidari ondo kostata eman zion buelta, bi penaltiri esker. Bata gaizki adierazitakoa, eta bestea inozoa. Baina biak sartu zituen, eta talde askoz hobea izan arren, gorriak ikusi zituen berdintzeko. Puntu horri esker multzoko buruan jarraitzen du.
Athleticek motel ekin zion partidari. Salzburgok baloi jabetza lotsagabe utzi zion, eta gehiegi erlaxatu zen. Aise zebilen, baina ez zion mesederik egin. Jokalariek baloia eskuinetik ezkerrera ibili zuten, baina sakontasunik gabe. Llorente ondo zaindu zuen Salzburgok, eta erreferentzia garbirik gabe urruneko jaurtiketak ziren bidea. Erdilarien artetik De Marcos saiatu zen gehien, bere betiko postura itzuli izanak bereziki motibatu izan balu bezala, baina ezta hala ere.
Salzburgok ez zuen asko estutzen, baina Athleticen zelai erdiak ez zuen bere egunik onena izan. Lehenbizi Wallnerrek eman zuen sustoa (27. Min.), atzeko lerroari bizkarra irabaziz, baina Iraizozek ondo gelditu zuen buruz burukoa. Atezainari ezin zaio miraririk eskatu, eta hiru minutu beranduago Wallnerrek ez zuen kale egin. Leonardok jaberik gabeko baloia hartu zuen zelai erdian, eta korrikaldi batekin hiru aurkari utzi zituen atzean pase bikaina eman aurretik.
Athleticek ez zuen gola ondo hartu, eta Leonardok baliatu zuen berriz ere etxekoen utzikeria. Iturraspek pase bat kale egin, eta brasildar trebeak hartu zuen. Wallnerrekin bat-bikoa egin, eta area barrutik sartu zuen gola (33. min.). Athelticeko atzeko lerroa geldi-geldirik zegoen. San Mames isilik zegoen. Erditik atera eta Athleticek gol aukera izan zuen, Llorente bakarrik zen ate aurrean, baina atezainak geldiketa bikaina egin zuen.
Gaizki adierazitako penaltia
Bizi ekin zion Athleticek bigarren zatiari, oso aldapa gora jarritako partidari buelta emateko asmoz. Gabilondo zelairatu zuen Bielsak, erdiraketen bidez arriskua sortzeko. Etxekoen baloi jabetza areagotu zen eta Salzburgo bere arean giltzapetu zen. Kanpokoek nahita eman zituzten hiru pauso atzera. Bigarren zati osoko setioa eusteko prest eta kontraerasoren batean partida erabakitzeko aukeraren zain.
Athleticek ezin zuen zirrikiturik aurkitu, eta epaileak lagundu zion (68. min.). Herrerak ezin izan zuen baloi bat kontrolatu area barruan, eta bila joan zenean Sekagya gurutzatu zitzaion. Arin ukitu zuen eta Herrerak bere burua bota zuen lurrera. Epaileak, halere, penalti adierazi egin zuen. Llorentek bidali zuen sareetara, eta golak harmailak berpiztu zituen.
Lehen oparia epailearena izan bazen, bigarrena Salzburgorena. Lindgrenek penalti ezin inozoagoa egin zuen. Korner batean lehen zutoina zaindu behar zuen (75. min), Amorebietaren aurrean. Baloia aldentzera joan eta bi eskuak buru aurrean zituela jo zuen epailearen aurrean. Kexatu egin zen, Amorebietak bultza egin ziolakoan, baina ez zen egia. Aurrekoan bezala penaltia Llorentek sartu zuen.
ATHLETIC 2. SALZBURGO 2
Edozein egun mikazteko gai
Athleticek bi penaltiri esker berdindu du partida, 0-2 galtzen hasi eta gero, eta puntu horri esker multzoko buruan jarraitzen duEtxekoek baloiaren jabetza izan dute une oro, baina garesti ordaindu dituzte hutsak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu