Efes Pilsenek «baztertu ezin den» eskaintza egin du Huertas erosteko

Kerejetak esan duenez, antolatzaile brasildarrak ez du etete klausularik, eta Baskoniak erabakiko du zein eskaintza onartu

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Marcelinho Huertasek ez du Gasteizen jarraituko. Non jokatuko duen ezin da jakin, oraingoz, baina Josean Kerejetaren hitzak entzunda ziurra da taldeak jokalaria salduko duela. «Dirutan baztertu ezin den eskaintza bat jaso dugu», esan du Baskoniako presidenteak, eta adierazpen horrek Huertasek taldea uzteko ateak parez pare irekiak dituela esan nahi du.

Eskaintza hori Efes Pilsen taldeak egin du, baina Kerejetak ez du zehaztasunik eman. Dirutza eskaini duela pentsa daiteke, Istanbuleko taldeak 1,2 milioi euro ordaindu dituelako Stanko Barac erosteko. Huertas Barac baino jokalari kotizatuagoa da merkatuan, eta litekeena da Efes Pilsenen eskaintza bi milioi eurotatik hurbil egotea. Baskoniaren urte osoko aurrekontuaren %15 da, eta, jakina, ezinezkoa da eskaintza horri ezezkoa esatea, taldeko makulu garrantzitsuenetakoari agur esan behar bazaio ere.

Tratuko azken hitza Baskoniak edukiko duela ere esan du Kerejetak, Huertasek ez baitauka etete klausularik kontratuan. Jokalaria saltzeko salneurria Baskoniak erabakiko duela esan nahi du horrek, eta, egoera hori izanda, iskanbila sor liteke. Bartzelonak ere Huertas fitxatu nahi du, baina ez du Efesek adina dirutzarik eskaini. Trukean, akordioa omen du Huertasekin, jokalariak jaso beharreko soldatarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.