Pascuali direnak eta ez direnak esanez, ikuskizun tristea eskaini zuen Titin III.ak orain astebete Logroñoko Adarraga pilotalekuan. Egiari zor, makal aritu zen atzelaria, baina horrelakoetan mesede gutxi egiten da bikoteari epelak esanda. Pascualek berak bazekien gaizki ari zela. Eta atzo ere bazekien partida handia jokatzen ari zela. Atzean emanez eta aurrean tantoak eginez, hazi egin zen Pascual partidak aurrera egin ahala. Eta egindako bederatzi tanto bikainak ahaztu gabe, Titin III.ak huts egin zuen azken pilotakadan, markagailua 20-21 zegoenean. Ezker paretari pega-pega eginda zihoan pilotari ezker gantxoarekin erantzun zion, eta pilota kontrakantxara joan zen. 20-22. Egin eta desegin, ia dena Titin III.ak eginda, Bengoetxea VI.a eta Ruizentzat urrezko puntua.
Erritmo handiko partida izan zen atzokoa. 1-4, 3-6 eta 4-7. Oinatz Bengoetxea eroso ari zen aurreko koadroetako saltsan, eta errioxarraren hutsak behartu zituen. Hori bai, pilota aldatu eta 7-0eko partziala lortzea, biak bat izan ziren (11-7). 10-7koan eta 11-7koan Titin bera Pascuali txaloka geratu zen, egindako lan onari erantzunez. Titinek berak txapara bidali zuen 11-8koa, eta errenkadan beste sei tanto egin zituzten urdinek (11-14).
Erritmo bizia eta zehaztasuna ez dira lagun onak izaten, eta atzo Pascual nekarazi zuen erritmo bizi horrek. Partida erditik aurrera bultzaka aritu zen gehienean. Hori bai, pilotakada bakarra huts egin zuen. 14-14koa izan zen azken berdinketa, eta hortik aurrerakoa egitearen eta desegitearen erakusgarria izan zen partida. Bost tanto egin eta hiru galdu zituen Titinek tarte horretan, azkena 17-21ekoa 20-21eko bihurtu ondoren.
Olaizola I.a eta Beloki nagusi
Jokatutako bi partidak galduta, hirugarren jardunaldiaren atarian azken postuan zeuden Olaizola I.a eta Beloki. Baina herenegun Getarian oso partida txukuna jokatuta eskuratu zuten txapelketako lehen puntua. 22-16 irabazi zuten Gonzalez eta Laskurainen aurka, eta orain aurkariak geratu dira zulo-zuloan, jokatutako hiru partidak galduta. Bereziki makal Gonzalez aritu zen aurrean, erasoan asmatu ezinik eta defentsan ere ohi baino makalago arituz. Olaizola I.ak, berriz, hamar tanto egin zituen. 7-2 eta 10-4 aurreratu ziren irabazleak, eta 11-9koaren ondoren, 18-9koraino ihes egin zuten berriz. Bazirudien Olaizola I.ak eta Belokik erraz irabaziko zutela, baina partidaren hondarrean galtzaileak hiru tantora gerturatzeko gai izan ziren (19-16). Hortxe amaitu zen, ordea, erreakzioa: 22-16.
Eibarko Astelenan jokatuko da gaur jardunaldiko hirugarren partida (18:00): Olaizola II.a eta Begino Aritz Lasaren eta Merino II.aren aurka. Bi partidak irabazita daude Olaizola II.a eta Begino, eta eurek jokatutako bakarra irabazita Aritz Lasa eta Merino II.a. Irujok, ordea, galdu egin zuen lehen partida Merinorekin, eta, beraz, porrot bat pilatuta dauka hiru pilotariko bikote horrek.
Egin eta desegin, dena Titinek
Erritmo handiko partida gogorra jokatuta, Bengoetxea VI.ak eta Ruizek oso puntu garrantzitsua lortu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu