«Egin ziezaguketen oparirik ederrena da Milan-San Remo»

unai zubeldia
Hondarribia
2012ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Patxi Vilak badaki italiarrek nola bizitzen duten Milan-San Remo klasikoa, eta gorputza estututa, gozatzea dauka helburutzat gaurko. Esprinterrak jo ditu faboritotzat, «Oscar Freire bereziki».

Profesional kontinental mailako taldeek ez dute aukera askorik izaten izarren parean ibiltzeko. Ahal dela, beraz, lehen kilometrotik gozatu beharko duzue gaur, ezta?

Gure taldeko txirrindularien ezaugarriak aztertuta, eta lasterketak Italian daukan sona ikusita, egin ziezaguketen oparirik ederrena da Milan-San Remo. Lombardiako Girora ere joango gara gero, baina Milan-San Remo oso berezia da italiarrentzat. Lasterketa gisa ez dauka ezer askorik. Ia 300 kilometroko proba da, eta ez dauka zailtasun handirik, luze egiten den arren. Baina Italiako txirrindulari handi gehienek irabazi dute noizbait Milan-San Remo proba, urteko lehen klasikoa da, eta haientzat Munduko Txapelketa baten parekoa da.

Gossek irabazi zuen iaz, Freirek orain bi urte, Cavendishek 2009an, Cancellarak 2008an, Freirek 2007an… Zure gisako txirrindulari bat nabarmentzeko ez da plazarik egokiena ere.

Argi dago ezetz, baina historiaren parte izateko xarma hori dauka Milan-San Remok. 2008an Le Manie aldapa sartu zuten ibilbidean. Argi dago nire gisako txirrindulariek ez dugula irabaziko, baina beste batzuei galarazteko aukera izango dugu. Cipressa eta Poggio egongo dira zain gero, eta guretzat nahikoa izango da aurrean egonda geure burua erakustea.

Sona handikoa da Poggioko jaitsiera. Barru-barrutik ezagututakoa zara zu. Zer dauka jaitsiera horrek hain berezia izateko?

Azkarra da, eta bidea nahiko fin egoten da. Itsasertzean dagoenez, hondarra ere egoten da, eta ez da samurra. 2007an zela uste dut, Mirko Celestinorekin ihes egin nuen Poggion behera, eta Andrea Molettak femurra hautsi zuen, Poggion behera erorita. Jaitsiera azkarra da, eta bizpahiru bihurgune arriskutsu ere badaude tartean. Ez da samurra.

Faboritoen zerrenda ere eman beharko dugu…

Betiko esprinterrak aipatuko nituzke nik, baina bereziki Freire ikusi dut ondo aurten. Hiru aldiz irabazita dauka jada Milan-San Remo. Aurreko urteetan zailtasunak izaten zituen urte hasierako lasterketak irabazteko. Baina taldez aldatu da aurten, bi garaipen lortu ditu dagoeneko, fin dago... Eta, noski, ezingo dira ahaztu Cavendish, Boonen, Modolo, Belletti eta gainerakoak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.