Egindakotik ezin bizi

Athleticek ez du galdu Molinon bisitatu duen azken zortzi aldietan, baina Sporting hazten ari da urtetik urtera

haritz gallastegi
Bilbo
2010eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Espainiako Liga lehia handikoa da. Nekeza da puntuak irabaztea; batez ere, etxetik kanpoko neurketetan. Txapelketako talde gehienen artean parekotasun handia dago. Horrenbestez, sarritan zaleen babesa erabakigarria izaten da hiru puntuak lortzeko. Baina badaude salbuespenak ere. Athleticentzat Molinon da zelai berezi horietako bat: etxean bezala jokatzen du, eroso, konfiantzaz gainezka. Jarraitzaile zuri-gorriek ere badakite hori. Horregatik, ez dute zalantza egiten autoa edo autobusa hartu eta Gijonerako bidea egiteko. Gaur ere mila bat lagunen babesa izango dute Caparrosen jokalariek.

Estatistikak onak direnean, komenigarria izaten da aste osoan jokalariei gogoraraztea. Baliagarria da haien autoestimua indartzeko. Baina, era berean, jakin beharko lukete estatistikek ezer gutxirako balio izaten dutela futbol partidetan. Egindakotik ezin da bizi. «Konfiantza taldeak ematen du, eta ez estatistikek», esan du aste honetan Gabilondok. Gainera, aurrean duen taldea urrats txiki baina sendoak egiten ari da duela hiru sasoi gorengo mailara bueltatu zenetik.

Egungo Sportingek ez dauka zerikusirik duela hiru denboraldi defentsan sekulako erraztasunak ematen zituen talde harekin. Urtetik urtera, talde lehiakorragoa egin du Manolo Preciadok. Erasoan lehen bezain alai jokatzen du, baina orain opari gutxiago egiten ditu defentsan. «Sportingek badaki zer egin behar duen. Gure antz handia dauka. Molinonen oso talde arriskutsua da», adierazi du Javi Martinezek.

Athleticek denetarik egin du txapelketako lehen bi partidetan. Rico Perezen irabazi egin zuen; emaitza oso ona izan zen, baina zelaian gauza gutxi egin zuen. Ez zuen aparteko garaipen goserik erakutsi, eta aukera bat sortzea nahikoa izan zen hiru puntuekin bueltatzeko. Hori bai: aurkaria ere ezerezean utzi zuen. Defentsan lan ona egin zuen seinale. Bigarren jardunaldian, berriz, bestelako jarrerarekin zelairatu zen. Zaleen laguntzarekin erritmo bizia eta grina handia erakutsi zuten lehoiek, baina patxada falta izan zitzaien. Lehen partidan baino garaipen gose handiagoa erakutsi arren, sari barik geratu ziren Caparrosen jokalariak. Aukeran, zuri-gorriek gurago dute txarto jokatu eta irabazi, gauzak ondo egin eta galdu baino.

Zelai erdia indartuko du

Jokalariei ez die aparteko minik egin Atletico Madrilen aurkako porrotak. Euren buruan konfiantza handia daukate, eta sasoia hasi aurretik zuten helburu berberarekin jarraitzen dute: Europako Ligan sartzea. Goiko postuetara gerturatzeko behar dituzten puntuak eskuratzeko, litekeena da Caparrosek zelai erdia indartzea. Horretarako, Gupegi eskuin hegalera pasatuko du, eta Orbaizi edo Iturrasperi emango dio Javi Martinezen ondoan jokatzeko aukera. Joan den sasoiko partida askotan emaitza ona ekarri zion zelai erdia indartzeak. Hala ere, horrek ez du esan gura Susaetak hamaikakoan lekua galduko duenik. Eibartarrak Llorenteren ondoan joka dezake erdilari aurreratu gisa. De Marcos eta bera dira Toqueroren partez jokatzeko hautagai nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.