Egoera aski ezaguna da

Mestallan galdu ostean, beste behin San Mamesen irabaztera behartuta dago Athletic. Etxean, dena den, ondo ari da

haritz gallastegi
Bilbo
2010eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Almeriaren aurkako neurketaren atarian esandako guztiak balio du Zaragozaren kontrako partida aztertzeko. Bistan da Almeriak eta Zaragozak ez dutela zerikusirik euren artean: talde ezberdinak dira, jokalari ezberdinak dituzte, ez diete berdina eskatzen eta bakoitzak bere jokatzeko era dauka. Baina Athleticen egoera aztertzeko orduan ez dago alde handirik. Kontrarioaz gain, gauza bakarra aldatu da: bi jardunaldi jokatu direla eta, horrenbestez, bi partida gutxiago geratzen direla denboraldia amaitzeko.

Sei partida geratzen zaizkio Athletici inork espero ez zuen denboraldia biribiltzeko. Etxeko lanak eginda daude, zuri-gorriek aspaldi eskuratu baitzuten mailari eusteko behar zituzten puntuak. Baina orain beste borroka batean dago murgilduta Joaquin Caparrosek entrenatutako taldea. Datorren sasoian Europako lehiaketetan aritzeko txartela eskuratzeko lehian, hain zuzen ere.Mestallan galdu ostean, Txapeldunen Ligarako sailkatzea ezinezkoa izango dela uste du zale askok. Jakinekoa da etxetik kanpo puntuak lortu barik jarraitzen badu ez duela aukerarik izango. Baina, era berean, ez da ahaztu behar oraindik lau puntura daukala Mallorca laugarren sailkatua. Gertu dago oraindik. Gainera, San Mamesen ariko da sasoia amaitu aurretik.

Baina Mallorca harrapatzeko bezainbesteko lanak izan ditzake seigarren postuari eusteko. Izan ere, Getafe eta Vila-real indar handiz datoz atzetik, eta ez dute amore emango falta diren sei jardunaldietan. Bi taldeak dira onak, eta, beraz, oso aurkari gogorrak eta arriskutsuak. Hortaz, gaur egun ez dago argi liga zein postutan amaituko duen talde zuri-gorriak. Eta puntu baten gorabeheran Txapeldunen Liga, Europako Liga edo ikatza egon daiteke. Hirugarren aukeratik kanpo geratzea da lehoien xede nagusia. Eta, horretarako, ezinbestekoa izango da Zaragoza mendean hartzea. Dagoeneko futbolari erreparatzen dioten zale guztiek jakingo dute zer egiten ari den Athletic San Mamesen. Bigarren itzulian Real Madril eta Bartzelona garaiezinen parean ari da etxeko partidetan -sasoia hasi zenetik seigarren taldea da etxeko partidei bakarrik dagokienez-. Jokoan egon diren puntu gehientsuenak eskuratu ditu, eta ez da zorte kontua izan. Izan ere, azken hilabeteotan Katedralean jokatu duten talde gehienek ez dute aukerarik izan irabazteko. Athleticek, bere futbol gosea eta erritmo bizia baliatuta, erraz hartu ditu mendean kontrario gehienak. Hori bai, jakinekoa da bolada onak amaitu egiten direla. Ez direla betiko, alegia.

Hala ere, eta edozein mementotan porrota etorriko dela jakin arren, garaipena bakarrik izan behar dute buruan futbolari zuri-gorriek. Eta, egiari zor, baikor egoteko arrazoiak ez dira falta. Athleticen emaitza bolada ona ez da kasualitatearen ondorioa, ereindakoa jasotzen ari baita talde bizkaitarra.

Aurkaria errespetatuz

Gaurko aurkariak, esaterako, askoz gutxiago erein du denboraldi honetan. Baina ez da komeni kontrarioa gutxiestea. Batetik, Zaragozak puntu premia duelako. Jose Aurelio Gayk zuzentzen duen taldea zulotik irten ezinda dabil, ez baita erraza sasoi hasiera txar bati buelta ematea. Baina, era berean, ez da ahaztea komeni beheko postuetan dauden taldeen artean talentu gehien duena dela. Egoera larria zela ikusita, Zaragozako agintariek neguko azoka aprobetxatu zuten taldea itxuraldatu eta indartzeko. Horrenbestez, oraingo Zaragozak antz gutxi dauka lehen itzulikoarekin. Edmilsonek, Eliseuk, Suazok eta enparauek beste itxura bat eman diote taldeari.

Zaragozari aurre egiteko, gutxienez aldaketa bat egin beharko du Caparrosek. Txartelak tarteko, Koikilik partida bateko zigorra bete beharko du. Castillo arituko da haren lekuan. Bestalde, ikusteko dago Ustaritzek edo San Josek jokatuko duen atzeko lerroaren erdialdean. Aurrean, berriz, Toquero ez da osatu, eta harmailatik ikusi beharko du lehia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.