Erantzukizun handiko kargu baten estreinaldiak une gozoak izaten ditu normalean, baina Alvaro Bilbao Lagun Aro GBCko presidente berriarentzat gogor samarra izan da prentsaren aurreko lehen eguna. Lasaitasunari eutsi zion beti atzo Illunben emandako prentsaurrekoan, baina serio mintzatu ere bai, taldearen egoera gaiztoa ahalik eta zehaztasun handienarekin azaltzeko. Lagun Arok denboraldi bikaina egin du, bere historia laburreko onena, baina bere altxortegiaren osasuna kontrakoa da. Gaixo dago, eta gaitza sendaezin bihur ez dadin, laguntza deia egin du Bilbaok.
Bukatu berri den sasoiko sosak bost milioi eurora iritsi direla azaldu du: «4,7koa zen aurreikuspena, baina Kopak eta titulua lortzeko kanporaketek espero ez genuen gastua eragin dute». Gorka Ramoneda presidente ohiak esan bezala, aurrekontua zazpi milioi eurotik 4,7ra jaitsi dela gogorarazi du, eta kopuru horretan jarri du arreta: «Ezin gara hortik jaitsi, jaisten bagara ez garelako lehiakor izango, eta lehiakortasunik gabe jai dago».
Bilbaok premiazko laguntza eskaera egin die taldearen aurrekontuan zerikusia duten guztiei. Zerikusi zuzena dutenen artean, erakunde publikoei, taldea babesten jarrai dezaten eta laguntza horiek zehatz ditzaten eskatuz: «Denbora daramagu ekainean edo uztailean erakundeetatik jasoko dugun laguntza zenbatekoa izango den jakin gabe, eta horrela lan egitea ezinezkoa da. Ezin da kontraturik egin, konpromisorik hartu. Eskean gabiltzala dirudi askotan, eta hori gauza gogorra da».
Enpresen arloari dagokionez, «irudimena» erabiltzen saiatuko direla esan du Bilbaok. Haien laguntza eskuratzeko hainbat bide bilatu eta eskaini: «Ehun enpresa ingururen babesa dugu orain, eta gure erronka kopuru horri eustea edo gainditzea da». Lagun Arok Europan jokatuko duela eta, taldeak jokatuko duen herrialdeen berri duten bezain pronto, herrialde horietan negozioak dituzten enpresetara joko omen dute, taldean haien publizitatea erakustea haientzat interesgarria izango delakoan.
Europa aipatu, eta Eurokopan jokatzeak taldeari onurarik ekarriko ote dion galdetu zioten Bilbaori: «Ispilu ona da, baina gastua ere ekarriko du. 20-25 laguneko talde bat mugitu behar duzu, oso urrun agian, eta Illunben partidak antolatzea ere ez da merkea. Partida egunen muga ere hor dago. Astearteetan jokatuko dira Europako partidak, normalean iluntzean, eta ez dakigu egun eta ordu erakargarria izango den gure zaleentzat». Bilbaok esan duenez, laster egingo dute akordioa Eusko Jaurlaritzarekin, taldeak Europan Euskadi izena erakuts dezan. «Eta Gipuzkoa eta Donostia 2016 leloak ere erakutsi nahi genituzke. Eskaintza hori egin diegu Gipuzkoako Aldundiari eta Donostiako Udalari. Ea fruituren bat lortzen dugun».
«Daukaguna erabiliko dugu»
Bilbaok Nekane Arzallus presidenteordea izan zuen alboan, eta hari begiratuz esan zuen klubaren filosofia «daukan dirua erabiltzea» izan dela eta ardura hartu dutenek ere antzera egingo dutela aurrerantzean ere: «Ez dugu ez daukagun dirurik erabiliko taldea eraikitzeko, orain arte ez delako egin, eta horri esker gaudelako osasuntsu diru kontuetan».
Horiek horrela, taldearen osaketa nondik nora joan daitekeen galdetu zioten, eta Bilbao zuhurki mintzatu zen: «Ezin dut daturik eman. Ezin dut esan hau edo beste fitxatuko dugula, eta honi edo beste hari eskaintza egin, ez dakidalako zenbat diru erabili ahal izango dugun taldea osatzeko». Bilbao pozik mintzatu zen Sito Alonsok Donostian jarraituko duelako: «Ematen dizkiogun bitartekoekin gauzak ondo egingo dituela sinetsita gaude». Bilbaok pazientzia eskatu du, uda luzea izango delako, eta albisteak gutxinaka iritsiko direlako.
Egoera gaiztoa aurkeztu du
Alvaro Bilbao Lagun Aroko presidenteak azpimarratu du klubaren oraingo egoera eta etorkizuna «muga-mugan» daudela4,7 milioiko aurrekontua gehiago txikitzeak ondorio txarrak ekar ditzakeela adierazi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu