Egoerak behartutako bidaia

Aurreko sasoiko Itxakorekin zer ikusteko gutxi du oraingoak. Europako hainbat taldetan ari dira jokalari gehienak. Tristuraz bizi izan dute taldea desegitea, baina ilusioz hartu dute etapa berria.

Nerea Pena Itxakoko jokalari ohia, FTC Budapest elastikoarekin. BERRIA.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Sasoi bakar bateko gertaerek hankaz gora utzi dute Itxako. Lizarrako taldeak EHF kopa irabazi zuen 2009an; Txapeldunen Ligako finala jokatu zuen 2011n; eta ABF liga eskuratu du azken lau sasoietan. Aurreko asteburuan, berriz, maila nagusira igo berri den Castelldefelsen aurka galdu zuen, etxean. Oraindik ez du Ligako partida bakar bat ere irabazi. Itxako jada ez baita duela urtebete izan zena. Krisiak gogor jo du, eta taldea handi bilakatu zuten jokalariak Lizarratik urrun dira. Europako hainbat taldetan etapa berria hasi dute gehienek; eskubaloia uztea erabaki dute bertze zenbaitek.

Kirola bazter utzi dutenen artean dago Andrea Barno kapitaina (Lizarra, Nafarroa, 1980). Asteon bertan egin du bere erabakiaren berri emateko agerraldia. Lizarrakoa bertakoa da Barno, eta Itxakok egin duen goranzko bidearen ikur izan da azken urteetan. Etxeko bertze bi jokalarik pistan jarraitzea erabaki dute: Alemanian da Naiara Egozkue (Atarrabia, Nafarroa, 1983), Bayer Leverkusenen; Nerea Pena (Iruñea, 1989), berriz, Hungarian ari da, FTC Budapesten. Biak kontent dira, baina argi utzi dute egoerak behartuta utzi dutela Itxako. Etxean jarraitu nahi zuten.

Penak bi denboraldirako kontratua sinatu du FTC Budapestekin. Kostatzen ari zaio egokitzea, batez ere hizkuntzak ezartzen dituen mugengatik. «Saiatuko naiz, baina ez dut uste sekula hungariarrez hitz egiteko gai izanen naizenik. Eta taldeko bi jokalarik baino ez dute ingelesez egiten», erran du. Taldeko kide guztiak laguntzen ahalegintzen direla nabarmendu du, hala ere, eta ahotsean erraz sumatzen zaio ongi dagoela. Lasai. «Uste baino hobeki ari da dena ateratzen».

Aldaketa ez da erraza izan. «Gogorra izan da. Etxetik urrun joaten naizen lehen aldia da. Han utzi dut familia, eta han utzi ditut lagunak. Zaila da». Budapestera ailegatu zenean, belauna zuen kezka nagusia. Aurreko denboraldi amaieran min hartu zuen. «Hutsetik hasi behar izan dut hemen. Benetan, hutsetik, ez bainekien belauna nola izanen nuen. Hasieratik, taldearen babes osoa izan dut, eta biziki eskertzen dut hori».

Oraindik ez dago sasoi betean, onartu duenez, baina lanean jarraitzeko ilusioz betea da.

Ambros Martin, aurkari

Hungarian, Penak bizpahiru aldiz egin du topo Ambros Martin Itxakoko entrenatzaile ohiarekin. Gyorin ari da Ambros. Penaren aurkari nagusiarekin, alegia. «Egoera barregarria da. Topo egin dugunean, ezin izan diogu barreari eutsi. Hainbat urtez elkarrekin, eta, orain, etxetik urrun eta aurkari gara». Azaroaren 7an ariko dira elkarren kontra, lehen aldiz. «Partida hori jokatzeko irrikan naiz», aitortu du.

Etapa berria ahalik eta gehien gozatzea da Penaren asmoa. Txapeldunen Ligan ariko da, eta horrek «indar handia» ematen dio. «Hori zen nire helburu nagusia». Onartu du, hala ere, Itxakon gertatutakoak «anitz tristetu» duela. «Aurreko sasoia hasi zenean nekez pentsatzen ahal nuen gauzak bukatu diren moduan bukatuko zirenik».

Sentsazio hori bera du Egozkuek. Sasoi baterako sinatu du Bayer Leverkusenekin, kontratua bertze denboraldi bat luzatzeko aukerarekin. Penak hizkuntzarekin dituen zailtasun ber-berak aurkitu ditu Alemanian. «Astean lautan hartzen ditut eskolak, egunean lau orduz. Baina zaila da gero!». Bitartean, ingelesa erabiltzen du, eta taldekideak ere lagun ditu. «Denak saiatzen dira gauzak errazten».

Hasiera zaila izan da, orpazurdan min hartu baitzuen iritsi berritan. Osatzen ari da. «Bizpahiru aste beharko ditut oraindik».

Adaketa erabatekoa izan da Egozkuerentzat, eta egoerak eskutik eraman duen irudipena du, neurri handi batean. «Inork ez zuen Itxakotik alde egin nahi; gauzak konponduko zirela pentsatu nahi nuen. Itxaropen horri eutsi nion azkenera arte, baina ezinezkoa izan da gelditzea».

Alemanian lan egiteko bertze modu bat aurkitu du. Eta egokitzea ez da egun batetik bertzera egin daitekeen lana. «Zortzi urtez aritu naiz Ambros Martinekin», gogoratu du Egozkuek. Alemanian eskubaloiak duen indarrak partidak biziki gozatzeko aukera ematen dio. «Zaletasun handia dago; jarraitzaileak ez dira nekatzen, eta hori polita da». Etxetik urrun, baina ikasten eta gozatzenjarraitzeko gogoz da Egozkue.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.