Egoi Martinez (Etxarri-Aranatz, Nafarroa; 30 urte) Euskaltel-Euskadiko txirrindularia jarri da Espainiako Vueltan lider bederatzigarren etaparen ondoren (Vielha-Sabiñanigo, 200,8 kilometro), beste ziklista batzuekin egindako ihesaldi luze bat baliatuz. Gaurko etapa hasi aurretik 16. postuan zegoen Martinez, Levi Leipheimer liderretik 6.41era, eta tropel nagusia gaur iheskideengandik 6.42ra heldu da. Euskaltelekoak, gainera, aurretik hamar segundoko gain saria lortua zuen tarteko helmuga batean.
"Handia da hau, ametsa bete dut", esan du Martinezek. "Une gozoa da hau niretzat. Aurten bi poz handi lortu ditugu: abuztuan Samuel Sanchezek urrezko domina irabazi zuen Olinpiar Jokoetan, eta orain lidergoa lortu dugu Vueltan".
Euskaltel-Euskadik bere historian lehen aldiz lortu du itzuli handi bateko (Vuelta, Tour edo Giroko) lidergoa. Hamabost urte daramatza Euskadi Fundazioak txirrindularitza profesionalean. "Egindako lanaren fruitua da", esan du etaparen ostean Miguel Madariaga Euskadiko managerrak Euskadi Irratian.
Greg Van Avermaetek irabazi du etapa. Martinez, Damiano Cunego, Alan Perez (Euskaltel-Euskadikoa), Andrea Tonti, Xabier Zandio, Christophe Kern, Patrice Halgand, Juan Antonio Flecha, Davide Rebellin, David Moncoutie eta Rinaldo Nocentinirekin batera egon da ihes eginda etaparen hasiera aldetik, eta esprintean nagusitu zaie. Rebellin heldu da bigarren, Flecha hirugarren.
Sailkapen nagusian bigarren tokian Leipheimer dago (11 segundora), Contador hirugarren (32ra), Alejandro Valverde laugarren (1.00era), Carlos Sastre bosgarren (1.38ra), Ezequiel Mosquera seigarren (2.10era), Igor Anton zazpigarren (2.23ra).
Igor Gonzalez de Galdeano Euskaltel-Euskadiko zuzendaria pozik dago lorpenarekin. "Alan Perezek izugarrizko lana egin du eta Egoi Martinez bere lekuan egon da. Lan polita egin dute eta pozgarria da lortutakoa", esan dio Euskadi Irratiari.
Bihar korrituko dute itzuliko hamargarren etapa: Sabiñanigo-Zaragoza (151,3 kilometro). Bigarren mailako mendate bat izango dute, 34. kilometroan.
Larunbatean edukiko dute berriro mendia, Angliru maila berezikoan bukatuko den etapan. Aurretik, egun berean, lehen mailako hiru mendate igoko dituzte. Igandean ere mendia. Larunbatera artean lidergoari eusteko helburua du Euskaltel-Euskadik -ostiralean atseden eguna egongo da-.
Hilaren 21ean bukatuko da Vuelta, Madrilen. Aurreko egunean 17,1 kilometroko krono-igoera izango dute.
Txirrindularitza
Egoi Martinez jarri da lider Espainiako Vueltan
Beste txirrindulari batzuekin egindako ihesaldiaz baliatu da. 6.42ra heldu da tropela. Van Avermaetek irabazi du etapa. Euskaltel-Euskadik bere historian lehen aldiz lortu du itzuli handi bateko lidergoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu