Egoi Martinezek bere kirol ibilerako lehen garaipena lortu du, eta ez nolanahikoa. Etorkizuneko Tourra irabazi du Etxarri-Aranazkoak. Zorte kontua zirudien orain egun batzuk lortutako lehen postuak, baina nafarrak eta Euskaltel-Euskadi taldeak egindako lana ikusgarria izan da.
Bi minutuko aldea zuen azken etapa korritu aitzin Martinezek, baina bere lehen postua babesteko lan dezente egin behar izan zuten azken egunean ere Martinez berak eta Euskaltel-Euskadi taldeko Sillonizek, Galparsorok eta Herrerok, Ruben Gorosperen aginduetara zeuden beste hiru txirrindulariak. Ihesaldi arriskutsu ugari egin ziren lasterketa buruan eta horiek harrapatzeko lanean bikain jardun zuten euskaldunek.
Esprintean erabaki zen azken etapa, eta Samuel Fumoulin frantziarrak (Jean Delatour) irabazi zuen azken etapa, Veit alemaniarra eta Bazaiev kazakhstandarraren aurretik. David Herrero laugarren postuan sailkatu zen.
Euskal txirrindulariek oso lan ona egin dute azken urteetan Etorkizuneko Tourrean. Miguel Indurain handiak lortu zuen orain urte batzuk lehen garaipen sonatua eta haren bideari jarraitu zioten ondoren David Etxebarriak, Unai Osak eta Iker Floresek orain bi urte. Joseba Beloki ere garaipena lortzear egon zen 1999 urtean.
ETORKIZUNEKO TOURRA
Egoi Martinezen garaipen handia
Ihesaldi ahalegin arrikutsuak saihestu zituzten liderrak eta Euskaltel-Euskadi taldeko hiru kideek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu