Realak bi urtez berritu du Jagoba Arrasate entrenatzailearen kontratua. Jokin Aperribay presidenteak argitu duenez, «egonkortasun» bila hartu dute erabakia, eta egungo egitasmoari «jarraitutasuna» eman asmoz: «Oso gustura gaude Jagobak egin duen lanarekin, taldearen berezko zeinuei eutsiz lehiatu duelako. Gainera oraindik Jagobarik onena ikusteko gaudela uste dut, urteekin hobera egingo duelako». Taldea ez dago bere onenean, bolada txarrean murgilduta dago, baina presidenteak argitu duenez azken partidek ez dute erabakia ezbaian jarri: «Hau ez da bolada kontua. Negoziazioak aurretik hasi ziren, eta azken partidetako emaitzak ez du ezer kolokan jarri».
Jagoba Arrasate «zoriontsu» agertu da, eta aletu duenez «berehala» iritsi ziren akordio batera, «solasaldi pare bate» aski izan dira: «Ez dakit oraingoan kargua eman zidatenean baino poz handiagoa hartu ez dudan. Egoera luzatuko denaren seinale da eta orain niri dagokit konfiantza horri erantzutea». Aperribaik argitu duenez kontratu berritzearen berri orain eman izanak ez du harremanik taldearen sasoi puntu txarrarekin eta e z dutela inolako mezurik bidali izan nahi. Arrasatek bera ere harrituta gelditu da taldearen inguruan bizi den ustezko «atsekabe» egoerarekin: «Egia esan ez dakit kalean atsekabe egoerarik bizi den. Argi dago aldagelan ez dugula halakorik bizi, baina badakigu gure jarduna hobetu behar dugula».
Hainbat zale ez datoz bat, taldeak izan duen beherakadagatik. Justuena eta onena berritzea dela diote, ordea, Lopez Ufartek eta Dadiek.