Jon Aberasturi, Gari Bravo, Tarik Chaufi, Jure Kocjan, Juan Jose Lobato, Ricardo Mestre, Steffen Radochla, Andre Schulze, Alexandre Serebriakov, Ioannis Tamuridis, Robert Vrecer. 11 txirrindulari horiek debuta egingo dute denboraldi honetan Euskaltel-Euskadirekin.
Azken bederatziak atzerritarrak dira, eta, Samuel Sanchezekin batera, hamar atzerritar ariko dira aurten, denera, talde laranjan. "Proiektu berria egonkortzeaz gain, haztea da helburua". Hala adierazi du Igor Gonzalez de Galdeano manager nagusiak. Bihar bertan ekingo dio taldeak denboraldiari, Australiara abiatuko direlako zortzi txirrindulari, Down Under Tourrean parte hartzeko.
Taldearen egituran aldaketak izan dira (29 txirrindulari guztira), eta baita erronketan ere. Samuel Sanchez Italiako Girora joango da, eta Mikel Nieve eta Igor Anton izango dira taldeburuak Frantziako Tourrean. Bi itzuli handi horietako emaitzen arabera zehaztuko dute Espainiako Vueltarako taldea.
Iaz zortzi garaipen lortu zituen taldeak, eta, atzerritarren ekarpenarekin, Europako lasterketetan eta klasikoetan hainbat proba irabaztea da erronka. Babesleei eta zaleei eskerrak ematearekin batera, harrobiko lanari ere garrantzi handia emango diotela argitu du Gonzalez de Galdeanok.