MUNDUKO TXIRRINDULARITZA TXAPELKETA

Egoskorkeriari urrea

Somarribak irabazi du urrea, erlojupeko dotorea eginda; Arndt alemaniarrak eskuratu du zilarra, eta Zabirova errusiarrak brontzea

Andoni Urbistondo.
DONOSTIA
2003ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Dituen dohain guztien artean (ez dira gutxi) euskaldunengan nahiko ohikoa den bat muturreraino eramaten du Joane Somarribak: egoskorkeria. Askotan kaltea eragiten du onura baino gehiago, baina Somarribari, kaltea baino gehiago, onura ekarri dio. Eta nolakoa, gainera. Oztopoz oztopo, arantzaz arantza, egin du bidea Somarribak ia beti. Kanadara, Munduko Txapelketara joateko gogo zipitzik gabe bukatu zuen Tourra podiumeko eskilara garaienean. Indarrik gabe etxeratu zen, eta ahalegin handia egin zuen berriro motibazioa bilatzeko, berriro etxetik urrun hilabete pasatzeko, berriro etxekoak ikusi gabe hilabete emateko.

Kirol kontuak tartean direla, egoskorretan egoskorrena da Somarriba. Urrea zintzilikatu nahi zuen lepoan bere kirol ibilera bukatu aurretik eta ondotxo zekian aurtengoa eta hurrengo urtekoa zirela bere azken aukerak. Hurrengo urteko urria iristeko, hala ere, 12 hilabete luze falta dira eta batek daki zenbat ustekabe gerta daitezkeen epe horretan. Horri ere erreparatuko zion Somarribak, eta urrea irabazi du.

Ibilbidea nabi baino leunagoa zela-eta kexu zen euskalduna, baina bera izan zen azkarrena 20 kilometroetan. Baita zortzigarren kilometroko tarteko erreferentzian. Gorantz egiten zuen ibilbideak lehen erdian eta ederki baliatu zuen hori Sopelakoak ordokizale direnak atzeratzeko. Zortzi segundoko aldea kentzen zion Thurig suitzarrari, 19 Jeanson kanadiarrari eta 21 Zabirovari. Errepide gorabeheratsua eta azken aldapa zituen aurretik Somarribak, baina horma bertikal bat jarrita ere urrea irabaziko zuen atzo Somarribak. Arndte alemaniarrak bigarren erdi hobea egin zuen, baina zilarrarekin konformatu behar izan zuen eta Zabirova errusiarra, iazko munduko txapelduna, brontzearekin.

Negarrez hasi zen urrea berea zela jakin eta berehala. «15-16 urterekin korritu nuen lehen mundiala. Podiumera begiratu eta urteren batean bertako eskilara garaienera igoko nintzela zin egin nion nire buruari eta lortu dut, 31 urterekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.