Txirrindularitza. Frantziako Tourra

Egun bateko kasketa

Mark Cavendishek odolkiak ordainetan eman dizkio Andre Greipeli, eta haren aurretik irabazi du Tourreko 11. etapaPirinioetako hiru etapei egingo diete aurre txirrindulariek gaurtik larunbatera

Julen Etxeberria.
2011ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Gutxi iraungo zion Mark Cavendishi (Highroad) herenegun Andre Greipel (Omega Pharma-Lotto) arerio gorrotatuenaren aurrean amore eman izanak eragindako amorruak. Egun eskas bat,hori behar izan baitu Man uhartekoak alemaniarrari odolkiak ordainetan emateko. Greipel lehenbizi, eta Cavendish bigarren; hori izan zen herenegun ordena helmugan. Atzo, ordea, kontrako ordena izan zen: Cavendish lehenbizi, eta Greipel bigarren. Highroad taldeko esprinterrak hirugarren etapa garaipena du aurtengo Tourrean, eta horri esker lehena da erregulartasunaren sailkapenean. Dagoeneko hemezortzi garaipen ditu Tourrean. Eta oraindik 26 urte ditu. Auskalo beste zenbat lortuko dituen. Mordoa, ziur.

Cavendishen garaipenak eman zion amaiera 11. etapari, Blaye les Mines eta Lavaurren artean jokatutako 167,5 kilometroko saioari. Ez da ez historiara pasatuko, azken etapetako gidoi bera izan baitzuen: talde txiki baten ihesaldi luzea, esprinterren taldeen lan ona, klasikozaleren baten ahalegin hutsala eta, azkenean, esprinta. Atzo, pausoz pauso bete zen. Lehenbizi, bost txirrindularik egin zuten ihes etapa hasi eta berehala: Ruben Perez zaldibartarrak (Euskaltel-Euskadi), Lars Boom herbeheretarrak (Rabobank), Andri Grivko ukrainarrak (Astana) eta Mickael Delage (FDJ), Tristan Valentin (Cofidis) eta Jimmy Engoulvent frantziarrek (Saur-Sojasun). 150 kilometro inguru egin zituzten ihesean, eta ia bost minutuko aldea izan zuten. Haien ahalegina, baina, alferrikakoa izan zen, etapa amaitzeko bost kilometro eskas falta zirela harrapatu baitzituen tropelak. Ez Highroad (Cavendish), ez Garmin-Cervelo (Tyler Farrar eta Thor Hushovd) ez Omega Pharma-Lotto (Greipel) ez zeuden prest etapak esprinta ez zen beste amaierarik izan zezan, eta gogotik saiatu ziren aurrekoen ahalegina hutsala izan zedin. Hutsala ere izan zen Boomek azken kilometroetan egindako saioa. Trena martxan zegoen. Azkenean, Cavendishena izan zen lehen bagoneta iristen.

Tourmalet, Luz Ardiden...

Atzoko etapak ez zuen ondoriorik izan sailkapen nagusian, eta Thomas Voeckler frantziarrak (Europcar) jarraitzen du maillot horia soinean eramaten. Gaur, ordea, oso litekeena da aldaketak egotea, Tour honetako lehen mendiko etapari egin beharko baitiote aurre txirrindulariek. Cugnauxetik Luz Ardidenera arteko 211 kilometroko saioak emango dio hasiera benetako lehiari. Gaurtik larunbatera Pirinioetan jokatuko diren hiru etapek ez dute, ziurrenik, Tourreko irabazlea zehaztuko, baina bai nork ez duen irabaziko, hots, galbahe lana egingo dute.

Gaur, lehen mailako mendate bat eta mailaz kanpoko bi igoko dituzte, hirurak etapako azken 70 kilometroetan. Hourquette d'Ancizan izango da lehena. Ia hamar kilometroko luzera du, eta %7,7ko batez besteko pendiza. Haren ondoren igoko dute Tourmalet. Tourreko mendate mitikoak hamazazpi kilometroko luzera du, eta %7,4ko batez besteko pendiza. Azkenik, Luz Ardidenen bukatuko da etapa. Ia hamalau kilometroko luzera du, eta %7,1eko batez besteko pendiza. 2003an igo ziren azken aldiz Luz Ardidenera, eta Lance Armstrongek irabazi zuen. Gaur ere oilar festa izango da: Alberto Contador, Schleck anaiak, Cadel Evans, Andreas Kloeden, Tony Martin, Robert Gesink, Samuel Sanchez, Ivan Basso... Ikuskizuna espero da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.