Egun-pasa Bartzelonan

'Fabri'-k ez du galdutzat ematen kanporaketa, baina gutxien jokatu dutenak zelairatuko ditu Nou Campen

Julen Etxeberria.
2007ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
'Fabri'-k ez du galdutzat ematen kanporaketa, baina gutxien jokatu dutenak zelairatuko ditu Nou Campen
JULEN ETXEBERRIA

Donostia

Espainiako Kopako final-zortzirenetako itzuliko partida jokatuko du gaur Alavesek Nou Campen zelaian, Bartzelonaren aurka. Kanporaketa ez dago erabakita, baina ia. Gasteizko taldeak miraria beharko luke Bartzelona kanporatzeko. Bi taldeen artean dagoen aldea gutxi balitz bezala, katalanek bi goleko aldea dute, joanekoan Mendizorrotzan 0-2 irabazi baitzuten.

Fabriciano Gonzalez Fabri Alaveseko entrenatzaile berriak, hala ere, ez du ematen kanporaketa galdutzat. «Zaila da final-laurdenetarako sailkatzea, joaneko partidan 0-2 galdu genuelako. Baina argi geratu behar da borroka egitera goazela Bartzelonara, neurketa amaitu arte ezin delako esan nork egingo duen aurrera eta nor geratuko den bidean», esan zuen atzo.

Baina Fabriren hitzak ez datoz bat bere ekintzekin. Izan ere, Alaveseko entrenatzaileak joan zen larunbatean Lorcari 3-1 irabazi eta hain itxura ona eman zuen taldea erabat aldatuko du. Lorcaren aurka hasieratik jokatu zuten sei jokalari Gasteizen utzi ditu: Porato atezaina, Coromina atzelaria, Astudillo, De Lucas eta Toni del Moral erdilariak eta Ruben Navarro aurrelaria. Hala, litekeena da Lorcaren aurka aritu ziren hiruzpalau jokalarik bakarrik jokatzea gaur Nou Campen hasieratik: Jose Manuel Mateo erdiko atzelariak, Elton Giovanni erdilariak eta Arthuro eta Wellington Paulista aurrelariek.

«Ponferradinaren aurkako Ligako partidarako garrantzitsuak izan daitezkeen zenbait jokalariri atseden ematea erabaki dugu. Horregatik egin dugu jokalari gazteen alde. Edu Alonso eta Santi Carpintero ere ariko dira haiekin batera. Min hartuta egon dira, eta pixkanaka-pixkanaka lehiaketako erritmoa har dezatela nahi dugu. Aldaketa asko dira, baina ez dugu galdutzatematen kanporaketa; sinetsita gaude taldeak itxura ona emango duela», esan zuen atzo Fabrik aldaketen inguruan galdetu ziotenean. Alberto Morgado da deialdiko berritasun nagusia. 16 urte ditu, atzelaria da eta ezkerraldetik jokatzen du. Ezustekorik ezean, gaur hasieratik ariko da.



BARTZELONAREN TXAKALALDIA. Gasteiztarren aurkaria ez dago une gozoan. Ligan jokatu dituen azken bost partidetan bakarra irabazi du:Realaren aurka, etxean. Levanteren, Atletico Madrilen eta Getaferen aurka berdindu egin du, eta Espanyolen aurka galdu. Sailkapeneko goiko postuetan jarraitzen du, bigarren, baina gatz pixka bat galdu du. Talde bikaina izan arren, min hartuta dauzkan zenbait jokalariren falta ari da sumatzen azken partidetan (Messi, Eto'o eta Decorena, besteak beste).

Bartzelonak gaurko partida baliatu nahi du berriro gora egiteko, eta horretarako, Ligan jokatu ohi duen antzeko taldea zelairatuko du Frank Rijkaardek. Entrenatzaile herbeheretarrak, hala ere, zenbait aldaketa egingo ditu, lesioak eraginda gehienak. Kopako aurreko partidetan egin bezala, Jorquera ariko da Victor Valdesen ordez. Zambrotta eta Sylvinho, berriz, Bellettiren eta Gioren postuan ariko dira, eta Motta eta Gio, Iniestaren eta Decoren postuan. Erasoan, Saviolak beste aukera bat izango du. Aurrelari argentinarrak apenas jokatzen zuen orain dela gutxi arte, baina azken partidetan oso txukun ibili da, eta Rijkaardek konfiantza eman dio. Saviolak sartu ditu Bartzelonaren azken hiru golak: bi Alavesi eta bat Espanyoli.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.