Eguna ilundu aurretik

Athleticek Almeria hartuko du gaur, futbolarekin zerikusi gutxi duten gaiez betetako astea izan ostean

haritz gallastegi
2007ko urriaren 7a
00:00
Entzun


Athleticek Almeria hartuko du gaur, futbolarekin zerikusi gutxi duten gaiez betetako astea izan ostean
haritz gallastegi

Bilbo

Athleticek partida bakarra irabazi du sei jardunalditan. Zale gutxi batzuek izan zuten denboraldiko lehen garaipena zuzenean gozatzeko aukera. Valentzia Hiria futbol zelaian izan zen (1-2), laugarren jardunaldian. San Mamesen, berriz, bi partida berdindu eta hirugarrena galdu egin du Joaquin Caparrosek zuzentzen duen taldeak. Emaitza tristeak oso.

Jarraitzaile zuri-gorriek sufritu besterik ez dute egiten aspaldian. Eurek gustuko duten taldea irabazten ikustea miraria dela pentsatzen hasiak egongo dira dagoeneko. Joan den sasoian, esaterako, hamalaugarren jardunaldira arte itxaron behar izan zuten Athletic etxean irabazten ikusteko. Talde zuri-gorriak San Mamesen jokatu zuen zazpigarren norgehiagoka izan zen. Ordurako Izarren Ligaren herena jokatuta zegoen. Denbora larregi itxaron behar izan zuten jarraitzaileek.

Hasi berri den denboraldiak ere ez dauka itxura hoberik. Emaitzei dagokienez azken bi denboraldien antz handia dauka 2007-2008 sasoiak ere. Caparrosek ez ditu hobetu Jose Luis Mendilibarrek eta Felix Sarriugartek entrenatzen zituzten taldeen emaitzak. Jokoa ere ez da hobea izan. Azken finean, azken bi denboraldietako Athletic ari gara ikusten. Gaur egun, ordea, ez dago orduko urduritasunik. Beharbada, zaleek konfiantza handiagoa izango dute oraingo Athleticen. Ziurrenik, galtzera eta sufritzera ohitu egingo ziren jarraitzaile horiek.

Baina jarraitzaileen pazientzia ez da agorrezina. Nekatzen hasi dira. Kokoteraino daude. Asier Del Horno eta Fernando Amorebietaren auzia da horren isla. Zaleek ez dute begi onez ikusi Athleticeko jokalariak dantzaleku baten inaugurazioan egon izana. Ez omen da profesionala. Klubak ere ez du asko lagundu. Trapu zikin guztiak kaleratzen ari dira Fernando Garcia Makua eta enparauak -Del Horno fitxatzea erabaki zutenean jakin behar zuten zein jokalariren aldeko apustua egiten zuten, onerako zein txarrerako-.

Athleticen eta haren inguruan egunetik egunera gaiztotzen ari den giroa baretzeko sendagai bakarra dago: garaipena. Talde zuri-gorriak emaitza onak eskuratzen baditu, inori ez dio axolako lehen taldeko bi jokalari gaueko ordu txikietan han eta hemen ibiltzea. «Taldeak irabazten badu, berdin zait zer egiten duten», esango dute bazkideek. Klubak ere premia gutxiago izango du zenbait hedabideren aurrean justifikatzeko. Beste era batera ordaindu beharko ditu hauteskunde kanpainako mesedeak.

Baina ez da erraza izango. Athleticentzat ez baitago aurkari errazik. Ez eta igo berri den Almeria ere. Unai Emery hondarribiarrak zuzentzen duen taldeak indartsu ekin dio txapelketari. Athleticek baino puntu bi gehiago lortu ditu. Eskuratu dituen zazpi puntuetatik sei etxetik kanpo irabazi ditu, gainera. Horrek kezkatu beharko luke Athletic. Almeria talde ausarta da. Partida irabazteko asmoarekin zelairatzen da -beste talde askok ez galtzea dute xede etxetik kanpo jokatzen dutenean- Eta, orain arte, emaitza ezin hobeak eskuratu ditu. Hala ere, ez da aurkari garaiezina. Athleticek zailtasun gutxiko denboraldia gura badu, irabazi egin behar duen neurketa da, aurkaria ez baita hobea.



SUSAETA, DAVID LOPEZEN LEKUAN. Irabazteko, golak sartu behar dira, ordea. Orain arte talde zuri-gorriak duen gabezia nagusia, hain zuzen ere. Ez ditu aukera asko sortzen, eta izan dituenak huts egin ditu. Erasoko jokoa lantzeko orduan asko dauka hobetzeko. Baita estrategia jokaldietan ere. Izan ere, baloia jokoan dagoenean aurkariari min egiteko arazoak daudenean, beste arma batzuk erabili behar dira golak sartzeko. Athleticek baditu arma horiek. Estrategia jokaldiei etekina ateratzeko behar duen guztia dauka talde zuri-gorriak. Pablo Orbaiz eta Markel Susaeta falta eta korner jaurtitzaile onak dira -Fran Yeste da onena, baina min hartuta dago-. Eta errematatzaileak ere ez dira falta: Del Horno, Amorebieta, Aitor Ocio, Javi Martinez, Aritz Aduriz eta Jon Velez edo Fernando Llorente zelaian dituen talde batek derigorrean sortu behar du arriskua geldikako jokaldietan. Etekinik lortzen ez bada, aste barruan egindako lana egokia izan ez delako da.

Bada, gola bakarrik falta omen zaio Athletici, Caparros gustura baitago jokalariek egindako beharrarekin. Horregatik, hasiera batean aldaketa bakarra egingo du hamaikakoan: Susaeta eibartarrak ezker hegaletik jokatuko du, David Lopezen lekuan. Izan ere, espainiarrak ez du erakutsi Osasunaren elastikoarekin egin zuen jokoa. Ez dabil fin. Banakako jokaldietan ezinean ari da. Freskotasuna falta zaio. Defentsan, berriz, ez du asko laguntzen. Beraz, Almeriaren aurka «atsedena» emango dio entrenatzaileak. Bestalde, badirudi oraingoan ere Velezek aurrea hartuko diola Llorenteri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.