Eguneko ogiaren bila

Realak Mallorcaren aurka jokatuko du ligan, eta garaipenaren bidera itzultzea izango du xede. Willian Jose deialditik kanpo utzi du Imanolek

Realeko jokalariak Mikel Oiartzabalen gola ospatzen, Anoetan, Bartzelonaren aurkako neurketan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Banu, balego eta balitz goseak hildako senideak direla dio esaera zaharrak, eta ligan elikagai faltan dabil Reala. Zelaitik kanpo izandako aste korapilatsuaren balizko aterabideak ez dio jaten emango, gaur ez behintzat, eta ase beharrean dira txuri-urdinak. Hargatik, premia du soropiletik kanporako guztia bazter utzi eta puntuak hirunaka pilatzen hasteko, baldin eta sasoi amaieran onenen artean egon nahi badu. Gaurkoan ez dio balio jokalarien gorabeherei edo Kopako ordutegiei erreparatzeak; Mallorca menderatzeak soilik aseko du. Hori izango du eguneko ogia.

Azken neurketetan eskas aritudira txuri-urdinak; galdu egin dituzte azken bi partidak. Aldarte eskasa irauli eta garaipenaren bidera itzuli nahi dute txuri-urdinek, eta horretarako prest agertu da Imanol Alguacil entrenatzailea: «Inolaz ere ez da partida erraza izango. Indartsu aritzeko asmoz etorriko da Mallorca, eta guk utzitako aukerak aprobetxatzera. Uste dut guk eraman beharko dugula partidaren pisua».

Bisitariak jaitsiera postuak saihesteko borrokan dabiltza buru-belarri, baina joan zen asteko garaipenak indartuta iritsiko dira, jipoitu egin baitzuten Valentzia (4-1). Halere, etxetik kanpora irabazi ezinik daude sasoia hasi zenetik. Horrek ez du Imanol erlaxatzen, ordea: «Ez dute irabazi, baina badute horretarako gaitasunik». Aurreko gertaerak aldeko ditu Realak; bi taldeek 25 aldiz neurtu ditute indarrak Donostian, eta etxekoak nagusitu dira hemezortzi alditan. Gainontzeko zazpi partidetatik hirutan berdindu egin dute, eta lautan galdu. Azken hiru neurketetan txuri-urdinak izan dira garaile.

Kopa, asteazkenean

Gaurko albiste deigarria: Imanolek deialditik kanpo utzi duela Willian Jose, Espainiako Kopako partidaren bezperan sortu zen zurrunbiloaren ondoren.

Bien bitartean, zeresana ematen ari da Osasunaren aurkako kopako derbiaren ordutegia. Hasieran astearterako iragarri zuten, baina, atseden kontuak tarteko, ostegunera atzeratu zuten lehendabizi. Osteguneko greba deialdia dela eta, ordea, asteazkenean (21:00) jokatuko dela iragarri zuten atzo arratsaldean.

REALA-MALLORCA

Reala. Remiro; Zaldua, Llorente, Le Normand, Aihen; Zubeldia, Merino, Odegaard, Oiartzabal; Portu, eta Isak.

Mallorca. Reina; Gamez, Valjent, Raillo, Sedlar; Dani Rodriguez, Salva Sevilla, Baba; Lagoo Junior, Budimir eta Cucho.

Epailea. Jaime Latre.

Lekua. Anoeta (39.500 ikusle).

Ordua. 18:30 (Movistar La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.