Pilota. EPELen buruz buruko txapelketako finala. Juan Martinez de Irujo. Aspeko pilotaria

«Egungo mailan beste bost urtez joka dezakedala uste dut»

Buruz buruko finalak ezagutzen ditu, baita Olaizola II.a ere. Igandekoa seigarrena du, eta aurkari kutunaren aurkako laugarrena. Beste txapel bat lortzeak pizten dio gosea, finaleko kontrarioa edozein izanda ere.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Mutiloagoiti
2012ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Buruz buruko finalen aurreko zalaparta ondo ezagutzen du honezkero. Sarrerak, elkarrizketak, telefono deiak… Ezerk ez du ezustean harrapatzen, eta prestaketa plangintza zorrotz jarraitzen du Juan Martinez de Irujok (Ibero, Nafarroa, 1981). Mutiloagoitin (Nafarroa) du babesa, eta eroso bizi da bertan. Hori bai, asteburuan sanjoanak dira, eta, karpa ez duenez bere etxetik urrun, herrira joango da lasaitasun bila.

Jaiak badira, ospa egin beharko.

Bai Iberora joango naiz asteburua pasatzera, hemengo zalapartatik aldentzea komeni da.

Orduan «dutxa magikoa» hartuko duzu errekan? Garai batean bezala.

Agian, aizu [barrez], baina hori igandean.

Nola zaude? Nola ikusi duzu zeure burua txapelketan?

Ondo, ondo ez banengo, ez nintzen finalera iritsi izango. Dena den, uste dut txapelketa honetan orain egon naizen baino sasoi hobean egon naizela. Hala eta guztiz, moralez lepo nago.

Gogotsu ekin zenion txapelketari.

Lesiorik gabe eta prestatzeko nahi adina denborarekin, ez zegoen ondo ez egoteko aitzakiarik. Baina, tira, hau kirola da, eta gorabeherak ohikoak dira. Eta binakakoan izandako txakalaldiaren ondoren, berriz ere gora iristeko aukera izan dut.

Binakako txarra egin izanak gehiago motibatu al zaitu?

Denbora neraman maila onean, eta, halakoetan, goizago edo geroago beherapenak iristen dira, eta gainera abisatu gabe. Hala egokitu zait niri. Urte osoan sasoi betean ondo egon behar dugun kirolariak gara, pentsa, orain udan ere irabaztea eskatzen digutelako, eta zaila da. Baina ez zaio beste bueltarik eman behar, kirolariak gara ez makinak.

Kritikak entzun dituzu.

Ez zaio hainbeste bueltarik eman behar. Arrazoi bategatik edo beste bategatik txakalaldia izan dezakezu, gehiegi entrenatzeagatik ere gerta daiteke. Eta kito.

Buruz buruko zure seigarren finala da. Aurrenekoarekin alderatuta,bezpera bizitzeko modua oso desberdina izango da?

Ez dute zer ikusirik. Oraindik lasai nago. Etxean, familiarekin egon, entrenatu eta atsedena hartu… Dagoeneko badakit oso garrantzitsua dela fresko iristea. Halere, laster etorriko zait jokatzeko desiratzen egoteak sortzen duen irrika hori.

Irrika hori ba al duzu oraindik?

Etorriko da, ziur, azken egunetan. Behin aukeraketa eginda tximeletak iristen dira sabelera.

Aurrenekoaren bezperak oso desberdinak izan al ziren?

Ile gehiago nuen, belarritakoak… Noski, desberdinak izan ziren. Hark kolpetik harrapatu ninduen. Hain bizkorra izan zen antzeman ere ez niola egin. Binakako finala jokatu berria nengoen, eta bat-batean beste final batean sartu nintzen. Zazpi partida irabazi nituen jarraian, eta denbora behar izan nuen asimilatzeko.

Nola ikusi duzu Olaizola II.a?

Ondo ikusi dut. Retegiren aurka beldur pixka bat sumatu nion, baina behin partidan sartu zenean mina bainoago urduritasuna nabaritu nion. Bengoetxeari, aldiz, arnasa hartzen ere ez zion utzi. Inoiz ez dut ikusi egun hartan bezain ondo jokatzen.

Zure aurkari nagusia al da?

Azken urteetan hala dirudi, iaz lau t'erdiko finala jokatu genuen, orain buruz buruko laugarrena… Gure artean beste inoren aurka baino final gehiago jokatu ditugu. Baina, tira, begira Barriola eta Idoate aurten, biek oso estu hartu ninduten. Gaur egun edozeinek irabaz diezazuke.

Erretiroa hartzean zuen izenak lotuta geldituko direla badakizue.

Ziur asko, final askotan topo egin dugulako. Gero, agerikoa da jendeari gustatzen zaizkiola gure arteko partidak, eta bataren eta bestearen aldeko jendea dago.

Lehia hori ona al da pilotarentzat?

Bai, txisturen bat edo beste entzun bada ere, oro har lehia jatorra da. Bioi ondo datorkigun zerbait da, eta beti batak edo besteak irabaziko balu ez litzateke lehia hori egongo. Dena den, 2009an eta 2010ean nik egindakoa salbuetsita, urteak dira pilotari batek ez duela manomanista bi urtez jarraian irabazten, eta ez gara beti ni edo Aimar izan.

Zer sentitu zenuen finalerdia irabazi, eta aurkaria bera izango zela jakitean?

Final gogorra izango zela. Nik badakit igandean gauzak oso ondo egin beharko ditudala irabazteko, eta berak ere badaki ondo jokatu beharko duela niri irabazteko. Finala xehetasunek erabakiko duten partida gogorra izango da. Zuhur jokatzea lortu edota gutxien kale egiten duenak jantziko du txapela.

Gehiago motibatzen al zaitu Olaizolaren aurka jokatzeak?

Motibatzen nauena buruz buruko beste final bat jokatzea da, ez Olaizola II.aren aurka, edo beste edozeinen aurka jokatzeak. Final bat ez da egunero jokatzen, eta nik bosgarren txapela irabaz dezaket, eta aurrenekoa balitz bezala borrokatuko naiz. Hori bai, Olaizolari irabazteko txapelketako partidarik onena egin beharko dut igandean.

Olaizolaren aurkako partidaren bat gogoratzen al duzu bereziki?

Bai, buruz buruko aurrenekoa, Gasteizkoa. 22-1 irabazi nuen.

Ikusi al duzu bideo hori?

Askotan. Nire ustez, inoiz jokatu dudan partidarik onena izan da. Lehen tantoa saketik egin zidan berak, eta gero hogeita bi lortu nituen jarraian; gehienak nik eginikoak, gainera. Azkenekoz noiz ikusi nuen? Ez dakit, baina partida hartan hasi nintzen pentsatzen txapeldun izan nintekeela.

Eta haren aurka jokatu zenuen lehen aldiaz oroitzen al zara?

Bai, partida oso ona izan zen, gogorra. Binakako txapelketaren finalerdietako aurrenekoa, Tolosan. Lasa eta ni, bera eta Armendariz. 22-21 irabazi genuen. Pilotalekuan sartu ezinik gelditu zen jendea egon zen, 400 lagun inguru izan zirela uste dut.

Pentsatu al zenuen hura izango zela zure ibilbidean hainbestetan aurkituko zenuen pilotaria?

Berak finalak jokatuko zituela banekien, zalantzak izatekotan, niregatik. Nik sei hilabete neramatzan profesionaletan, berak, aldiz, ordurako txapelak irabaziak zituen.

Zuk debutatu zenuenerako bera goian zegoen. Harmailetatik nolakoa iruditzen zitzaizun?

Oso ona zela, dohain tekniko askokoa eta tantoa bukatzeko abilezia berezia zuela.

Nolakoa da final batean aurretik aurkaria aldagelan topatzea? Eta gero, bata txapeldun eta beste galtzaile denean?

Bitxia da bi pilotariak aldagela berean elkartzea. Agian, desberdinetan egotea hobe litzateke; baina, tira, ni gustura nago oraingo sistemarekin. Aurretik ez du ezer berezirik, eta ondoren… Irabazlea aldagelara iristen denerako ia ordu erdi pasatu da finala bukatu denetik, eta ordurako pixka bat lasaitzeko astia egon da. Euforia eta tristura ez dira berdinak. Galtzailearen atsekabea hor dago, baina, tira. «Zerri hori, irabazi egin didazu» esan diezaiokezu, hori bai, giro onean. Inbidia osasuntsua da, baina ez gehiago.

Zenbat iraungo du Olaizola II.a, Xala eta zuen belaunaldiaren aginteak?

Ez dakit. Esan beharra dago ni bi urte gazteagoa naizela, eta geroago hasi nintzela profesionaletan. Olaizolaren kasuan lesioak izan ditu, eta begira nola irten den. Ahalik eta gehien iraun nahi genuke, baina ezin da esan. Gero ere gazteak indartsu datoz. Nik 30 urte ditut, eta urte batzuetarako soka badudala uste dut, oraingo mailan beste bost urtez egon naitekeela uste dut, finalak jokatzen.

Asko dirudi.

Arazorik ez badut, bai. Hori bai freskotasuna joan egiten da. Orain gazteago nintzenean baino kolpe gutxiago dut, baina beste gauza batzuekin orekatzen duzu. Esan dizut, 35 urteak bete arte egun bezala egon naitekeela uste dut.

Kirol unerik onenean al zaude?

Ondo nago. Hobeto egon naiz, bai eta okerrago ere, baina ezin da jakin. Agian, lehen gehiago jotzen nuen, baina orain hobeto moldatzen naiz egoerara, zein motatako pilotakada jo hobeto erabakitzen dut. Nerbioak hor daude, eta beti egiten dute kalte, bereziki finaletan, baina urteekin jokoa garatu egin behar da. Buruz buru, behintzat, oso gustura nago.

Belaunaldi aldaketa gertu ikusten al duzu?

Bizilegea da hori, eta iritsiko da, gertu izango den? Ez dakit, bada. Gu gora iritsi ginenean beste batzuk kendu genituen, eta gurekin berdin egingo dute.

Zeintzuk izango dira?

Buruz buru Idoate, 22 urte ditu eta bi urte daramatza finalerdietara iristen. Iaz, 19 egin zizkion Xalari, txapeldun izango zenari, eta aurten niri ia irabazi dit. Gero, ez dakizu zeinek egin dezakeen eztanda: Jaunarena, Ezkurdia, Zabaleta…

Entrenatu al zara eurekin?

Guztiekin. Indar ikaragarria dute, Jaunarenak, Zabaletak… Idoatek ez hainbeste, baina askotan asmatzen du, eta hori garrantzitsua da buruz buru. Besteen pilotakadak, aldiz, harrigarriak dira, norabidea pixka bat kontrolatzen dutenean pilotari handiak izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.