Finalerdietan baino neurri handixeagoko enborrak izango dituzte gaur. Hori dela eta, honako hau dio Txapartegik: «Ez gaitu kezkatzen. Gainera, guk lan handia nahi genuen. Izan ere, txanda libreko azken probak erabakiko du, eta horretan zenbat eta lan luzeagoa, orduan eta zigor handiagoa izango litzateke Larretxearentzat; hori da gure itxaropena, Larretxea nekaraztea alegia. Horretarako, lana komeni zaigu. Txanda libreko egurrak guri eramatea suertatu balitzaigu, eutsiak eramango genituzkeen, baina haiei egokitu zaie eta samurrak izango dira.Mindegia ere mintzatu da egurren inguruan: «Gehiago egin beharrak ez gaitu bereziki kezkatu, lehen ere entrenatuta baikaude. Egur handietan ere arituak gara; ez zaigu askorik axola».Egur handiei epaiak ongi egiteak berebiziko garrantzia du, eta horrek kezkatzen du Larretxea: «Etxean ere badakigu lan handiagoak egiten. Halere, egur handixeagoak dira eta epaiak nola ateratzen diren izango da gakoa. Horretan egongo dira gorabeherak, eta elkarrekin ongi moldatu beharra dugu».
Bi bikoteak desberdinak
Mindegiak esan digu ez dutela estrategia berezirik prestatu: «Ez dugu ezer berezirik landu, eta aurreko kanporaketetan bezala ariko gara; Larretxeak orain arteko lana egingo du, eta nik ahalik eta txukunen amaituko ditut epaiak txanda librekoetan».
Mindegiak ongi daki zein diren bikote bakoitzaren ezaugarriak, eta beraiek zer egin behar duten: «Bi bikoak ezberdinak gara. Ni Larretxearen arrimuan ariko naiz, eta beste biak eskarmentudunak dira. Guk ez dugu kezka berezirik eta ahal dugun guztia eginen dugu. Txanda libreko azken proba heldu aitzin, bi puntu lortu behar ditugu, eta han eman dena. Gogor entrenatu gara, eta egin beharrekoa egina dago; entrenamendu faltarik ez dugu».
Larretxearen irudiko, berriz, «egunak eta gorputzaldiak» zerikusia izango du finalerdietako saioan eginikoa hobetzeko. Lauren artean, Txapartegik ebaki zuen azkarren kanaerdikoa, finalerdian (1'), eta bi 60 ontzakoak azkarren botatzen, Larrretxea eta Mindegia izan ziren (4'06'').
-
Saioko probak
Finalak lau proba puntuagarri izango ditu, eta puntu gehien batzen duen bikotea izango da garailea. Biko bakoitzak 15 enbor ebaki beharko ditu, eta 13 puntu izango dituzte jokoan.
1. proba: Bi bikoak txanda librean 80 ontzako bat ebakitzera (2 puntu).
2. proba:Buruz buru kanaerdiko bat ebakitzera (puntu 1). Bikote bakoitzeko aizkolaria bestearen kontra ariko da, eta bakoitzak bina txanda egingo ditu. Lehenik, Txapartegi Larretxearen kontra. Ondoren, hurrenez hurren, Peñagarikano Mindegiaren aurka, Peñagarikano Larretxearen kontra eta Txapartegi Mindegiaren aurka.
3. proba: Erreleboka bi bikoteak, bi 60 ontzako ebakitzera (2 puntu). Biko bakoitzeko aizkolariak enbor osoa ebaki beharko du kideari lekukoa eman aurretik.
4. proba: Txanda librean bi bikoak elkarren kontra, zortzi enborrera: Bi kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko (5 puntu).