Etapa motz-motza (136 km), oso gorabeheratsua, eta urduria izan da Italiako Giroko hirugarrena, Rapallo eta Sestri Levante artekoa. Etapa hastearekin batera sortu da 25 txirrindulariko ihesaldia, Philippe Gilbert (BMC), Diego Ulissi (Lampre), Esteban Chaves eta Simon Clarke (Orica) tartean zirela, eta tropelarekiko minutuko aldearekin egin dute etaparen zatirik handiena. Tarteko esprintetan segundoak pilatuta, Clarke jarri da, behin-behinean, lider. Baina helmugara iristeko 3,5 kilometro falta zirela geratu da ezerezean azken bi iheskideen saiakera, eta Michael Matthewsek (Orica) azken esprintean berreskuratu du liderraren maillota. Etapa irabazita, sendotu egin du lidergoa. Fabio Felline (Trek) eta Gilbert bera sailkatu dira bigarren eta hirugarren.
Esprintaren aurretik, Domenico Pozzovivok (Ag2r) kolpe beldurgarria hartu du Barbagelata bigarren mailako mendatean behera, bihurgune batean. Burutik odoletan eta mugitu ezinik egon da italiarra lehen segundoetan, baina antolatzaileek berehala jakinarazi dute kordea berreskuratuta bere kasa ari zela arnasa hartzen. Anbulantzian eraman dute ospitalera.
Chavaritik La Speziara, laugarren etapa jokatuko da bihar, 150 kilometrokoa. Urduria izango da etapa, beste behin, metro bakar bat ere ez dagoelako ordekan. Biassa hirugarren mailako koska igo beharko dute helmugara iristeko hamar kilometro eskas faltako direnean.