Eguzkitan nahi ditu

ASOren eta UCIren arteko botere borroka handia den arren, Paris-Niza jokatuko da gaurtik igandera

Igor Susaeta.
2008ko martxoaren 9a
00:00
Entzun


ASOren eta UCIren arteko botere borroka handia den arren, Paris-Niza jokatuko da gaurtik igandera
IGOR SUSAETA

Donostia

Oraingoz atertu ez duen zaparrada batek hezurretaraino blaitu du txirrindularitza. Dopin kasuak eta horren aitortzak, batetik; antolatzaileek lasterketak atontzeko dituzten zailtasunak, bestetik; eta elkarte indartsuenen botere borroka, azkenik. Hain zuzen, Paris-Niza hasi bezperan, blaituta zegoena ilundu du ASOren eta UCIren Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren arteko botere lehiak. Baina Paris-Niza, denboraldi hasierako lasterketa garrantzitsuena, jokatuko da. UCIk jarri beharrean, probako antolakuntzak aukeratu ditu taldeak, Pro Tour Ligaren arautegia hautsiz; baina jokatuko da. Eta Paris-Nizak, eguzkiaren lasterketa deitutakoak, eguzkitan nahi du txirrindularitza, eta eguzkitan nahi ditu txirrindulariak.

Elurra ere egin izan du sarritan Paris-Nizan, baina txirrindulariek gailentzeko aukera izaten duten lasterketa da. Ordekan ondo moldatzen diren txirrindularientzako etapak daude, esprinterrentzako ailegaera egokiak, igotzaileentzako mendate tente samarrak, abenturazaleentzako eta txirrindulari gogorrentzako errepide oso bihurriak... Antolatzaileek ibilbide polita osatu dute oraingo honetan ere, Frantziaren iparraldea eta Kosta Urdina lotzeko.

Dena den, laugarren etapak erakarri du zaleen zein txirrindularien beraien arreta. Izan ere, Mont Ventoux mitikoan bukatuko da Paris-Nizako saio bat, 21 urteren ondoren. Dena den, eta gaizki ulertzeak ekidite aldera, Tourrean eta Dauphine Liberen ez bezala, gainera heldu baino bost kilometro beherago kokatuko dute helmuga; Mont Sereineko eski estazioan, hain zuzen ere. Halere, 15 kilometroko igoera da Malaucenetik abiatzen dena, eta azkeneko sei kilometroetako batez bestekoa %8 pasatxokoa da. Beraz, hor ikusiko da zeintzuk diren lasterketako indartsuenak. Bezperan ere bai, ordea. Saint Etienneko helmugara heltzeko 15 kilometroren faltan, Croix de Chabouret lehen mailako mendatea igo beharko dute txirrindulariek.

Ventouxeko etaparen ondorengo bi egunetan, errepide gaiztoetan ibiltzea tokatuko zaie txirrindulariei, eta azkeneko etapan, berriz, lehen mailako hiru mendate igoko dituzte; tartean Col d'Eze. Garai batean erlojuaren kontra igotzen zuten, baina azken urteotan etapa labur bezain ikusgarria diseinatzen asmatu dute antolatzaileek. Iaz, esaterako, Ezeko maldetan kendu zion liderraren maillot horia Contadorrek Rebellini. Ez da mendate gogorregia, baina azken egunean kokatuta...



CUNEGO, SCHLECK ANAIAK... Hain zuzen, Contadorrek ezin izango du iaz irabazitakoa defendatu, antolatzaileek lasterketatik kanpo utzi dutelako Astana taldea. Lehian balego, faboritoetako bat izango litzateke espainiarra, baina ez dagoenez, Damiano Cunego (Lampre), Davide Rebellin (Gerolsteiner), Andy eta Frank Schleck anaiak (CSC) eta Philippe Gilbert dira irabazteko hautagai nagusiak; azken hori denboraldi hasiera ikusgarria egiten ari da. Luis Leon Sanchez (Caisse d'Epargne), Juan Jose Cobo eta Gomez Marchante (Saunier Duval), Rinaldo Nocentini (Ag2r) eta David Moncutie (Cofidis) ez dira burutik urruti ibiliko.

Baina adi Haimar Zubeldiarekin, Euskaltelekoak ongi prestatu du sasoi hasiera, eta gogotsu dago. Laguntzeko prest edukiko ditu Igor Anton, Gorka Verdugo, Dioni Galparsoro, Aitor Hernandez, Markel Irizar, lander Aperribai eta Beñat Albizuri. Parte hartuko dute taldeetatik 17 izango dira Pro Tourrekoak, eta hiru horretatik kanpokoak.

Indurain, Kelly, Roche, Jalabert, Merckx eta Anquetil txirrindulariak gailendu izan dira Paris-Nizan. Eta orain zaparradak atertu esperoan, txirrindulariek ere eguzkitan egon nahi dute Paris-Nizan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.