Dejan Lekic (Kraljevo, Serbia, 1985) aurrelaria fitxatzea izan zen Osasunak udan egin apustu nagusia. 2010-2011ko denboraldiari begira fitxaketetan gorritxoek egin inbertsio nagusia Belgradeko Izar Gorriko aurrelaria fitxatzea izan zen. Hamabi gol sartu berri zituen Serbiako Ligan, eta Radomir Antic hautataileak Munduko Txapelketatik at utzi bazuen ere, Serbiako selekzioarekin debuta egin zuen Hegoafrikako txapelketarako sailkatze faseko partidetan, eta itxaropen handia zuten Lekicengan Serbiako futbol adituek. Jokalari interesgarria zen, eta Valentziak eta Racingek gertutik zaintzen zuten Lekic. Osasunak denei aurre hartu zien, ordea, eta Lekic Iruñera etorri zen.
Osasunaren apustu nagusia zen Lecik: 2,6 milioi euro ordaindu zizkion Patxi Izkok zuzendu klubak Izar Gorriari -Azpilikuetaren truke Marseillako Olympiquek ordaindu ia 7 milioi euroak kobratu berriak ziren nafarrak-, eta bost denboralditarako fitxatu zuten Lekic, 12 milioi euroko etete klausula ezarriz. Gol lehortea amaitzeko Osasunak behar zuen aurrelaria fitxatu zutela zirudien. Lekic, ordea, oraindik ez da erabat Osasunara egokitu. Lehen sei jardunaldietan bi aldiz soilik jokatu du hasieratik, guztira bost partidatan 183 minutu batu ditu berdegunean, eta oraindik ez du golik sartu. Gol ehiztariak ez du oraindik harrapakinik ehizatu.
Lehen Mailako talderik txarrenetan laugarrena izan zen Osasuna iragan sasoian golak sartzeko orduan. 38 jardunalditan 37 gol sartu zituen. Eta sasoi honetan ere golak sartzeko arazoak konpondu ezinda jarraitzen du Iruñeko taldeak. Lehendabiziko sei jardunaldien ostean, Racingek eta Deportivok soilik sartu dituzte Osasunak baino gol gutxiago. Sei partidatan lau gol sartu ditu Osasunak; Racingek eta Deportivok, hiruna.
Zorionez, Walter Pandianik bere ekarpenari eusten dio oraindik, gorritxoen lau goletatik bi uruguaitarrak sartu baititu sasoi honetan. Denboraldia amaitu aurretik Pandianik 35 urte beteta izango dituela ahazterik ez dago, dena dela. Pandianiren ondotik Osasunaren aurrealdean jokatzeko aukera gehien izan duen jokalaria Carlos Aranda da. Aurrelari espainiarrak Camachoren konfiantza itzela dauka, baina estatistikek argi uzten dute Osasunara iritsiz gerotik Arandak ekarpen eskasa egin duela golak sartzeko orduan: 29 partida jokatu zituen iragan sasoian, 28 hasieratik, eta 5 gol besterik ez zuen sartu. 2.214 minututan, bost gol. Arandak gol bat sartzeko 422 minutu behar dituela dio batez bestekoak. Eta sasoi honetan ere antzeko bidetik jarraitzen du. Argi dago Lekicek Arandaren batez bestekoa hobetu dezakeela, baina oraingoz Arandak Lekicen aurretik jarraitzen du Camachoren asmoetan.
Milosevicen lekukoa
Jokatu duenean ondo aritu da Lekic. 190 zentimetro pasako morroskoa da serbiarra, eta Osasunaren joko zuzenerako aurrelari aproposa da. Garaia izanagatik ez da jokalari makala, goitik datozen baloietan nagusitasun handia erakutsi du, eta ezkerrarekin zein eskuinarekin astindu dezake baloia; ateari bizkarra emanda ere joko dotorea egin dezake. Erremate gutxi egin ditu, ordea, eta egin dituenak ez dira erremate onak izan. Bere jokoak azken urteetan Osasunan izan aurrelaririk handienaren oroitzapenak ekarri ditu Nafarroako Erresumara: Savo Milosevicen antza dauka zelaian.
Lekicen adinean, golak sartzeko erraztasun itzela zeukan Milosevicek, ordea. Eta Lekicek ez du gaitasun hori erakusteko modurik izan. Milosevicek egun Pandianik hartzen duen tokian jokatzen zuen Osasunan, erdiko aurrelariaren atzetik lotura lanak egiten. Eta Lekic ere eginkizun horietan aritu da ondoen orain artean. Pandianiri postua kentzea zaila izango du, ordea, eta gizonik aurreratuenaren tokian jokatuta ezinbestekoa da golak sartzea. «Oso jokalari osoa da, eta Nikola Zigicekin alderatu daiteke bere jokoa aztertuz gero. Jokalari handia da, kalitatea dauka, eta ondo egokitzen bada, Osasunaren etorkizunerako oso jokalari garrantzitsua izango da», esan zuen Angel Martin Gonzalez kirol zuzendariak Lekicen aurkezpenean. Oraindik ez da ondo egokitu, ordea.
Eta egokitze lanak asko erraztu ahal dakizkio Lekici bere emaztearen etorrerak. «Udan ezkondu nintzen, eta Iruñera ohi baino kilo gehiagorekin iritsi nintzen eztei bidaiaren ondotik. Emaztea haurdun zegoen, gainera, eta ez da erraza familiarengandik hainbeste kilometrotara izatea une hauetan. Emaztea eta semea ondoan ditudanean errazagoa izango da», esan zuen Lekicek Taxoaren, Petar Vasiljevic Osasunako jokalari ohiaren ondoan eskaini prentsaurrekoetako batean. Hilabete eskas igaro da Stefan semea jaio zitzaionetik. Iragan asteburuan Serbiara joan zen Lekic atseden egunak baliatuz. Eta astelehenean emaztearekin eta semeareakin itzultzea nahi zuen Osasunako aurrelariak. Semetxoaren pasaportea lortu artean, ordea, emazteak Belgraden jarraitu beharko du. Hurrengo egunetan iritsiko dira, aste honetan bertan agian. Eta hori baldin bada Leka-k -elastikoan Lekicen ordez Leka jartzeko eskatu zuen, lagunek txikitatik hala deitzen dutela argudiauta- Osasunara egokitzeko behar duena, albiste ona izango da osasunazaleentzat. Bitartean, gol ehiztariaren zain jarraitu beharko dute.
Ehiztaria iritsi zain
Osasunak gol gabezia zuzentzeko fitxatu zuen Lekic, baina oraindik ez da egokitu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu