Mendi lasterketa

Ehunmiliak proba bertan behera utzi dute bart, ekaitzarengatik

Korrikalariak Beasaingo kiroldegira (Gipuzkoa) eramateko lanean aritu da antolakuntza, Gurutze Gorriarekin batera. Adierazi dutenez, arriskutsuegia litzateke Aralarrera ekaitzarekin igotzea.

Ehunmiliak probaren irteera, atzo, Beasainen (Gipuzkoa). GOIERRKO HITZA
2018ko uztailaren 14a
09:41
Entzun

Ekaitzak ez du utzi beste aukerarik. Bart, zapuztu egin du korrikalari askoren hilabeteetako kirol prestalana, baina parte hartzaileen segurtasuna bermatzea lehenetsi dute antolatzaileek. Mikel Valdevieso antolatzailearen esanetan, "desastrea" litzateke egin zuen ekaitzarekin Aralarrera igotzea. "Erabakia hartzea ez zen erreza izan, baina eguraldiaren profesionalek esandakoari entzun, eta, prebisioa oso txarra zenez, Ehunmiliak eta G2hk probak bertan behera uztea erabaki genuen, guztion segurtasuna zen gure lehentasuna", azaldu du gaur goizean. Korrikalariek penaz hartu dute erabakia, baina eskertu egin dute segurtasuna lehenetsi izana.

Erabakia hartu eta berehala, lasterketan ziren korrikalariak ibilbidetik atera, eta Beasaingo polikiroldegira eramateko lanean hasi zen antolakuntza, Gurutze Gorriaren laguntzarekin. Guztira, 3.000 lagun inguru —korrikalariak eta boluntarioak— eraman dituzte babesera. Horietako askok, polikiroldegian pasatu dute gaua.

Kolpe gogorra izan den arren, Ehunmiliak probaren antolatzaileek adierazi dute oraindik indarrez daudela, eta Marimurumendi mendi maratoiari eutsiko diotela. Bihar irtengo da, 09:00etan, Beasaindik.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.